2025-04-01

Eusko Jaurlaritzak zentsura ezartzen die artistei kartzeletan emanaldiak eskaintzeko

Aspaldi abiatu genuen kanpainak honela zioen: Euskal Herriko espetxeetan zapalkuntzak darrai. Mezu horrek gaurkotasun ikaragarria izaten jarraitzen du, izan ere, zapalkuntzak era gordinagoan jarraitzen duelako kasu batzuetan. 

2025etik aurrera, Eusko Jaurlaritzak kudeatzen dituen EAEko espetxeetan aisialdi-ekintza soziokultural bat egiten duten artista, talde edota elkarteei aldez aurretik paper bat sinatzea eskatzen zaie: “Euskadiko espetxeetan, aisialdirako gizarte- eta kultura- jardueretan tratamendu-helburua eta delituen biktimen duintasuna eta sentimenduak errespetatzeko konpromisoa” deritzana. Eskatu baino, sinatzea derrigortu egiten zaio edozein ekintza edo ikuskizun egin nahi duen artista orori. 

Eusko Jaurlaritzak EAEko espetxeen eskumena hartu zuenetik murrizketak eta eskubide urraketak etengabeak izan dira. Honen aurretik eta iazko ekainean salatu genuen bezala, (https://tinkoamnistia.org/2024/06/30/preso-eta-bisitarien-militantzia-zigortzeko-bisitak-ukatzen-dituzte-eaeko-kartzeletan/) preso politiko jakin batzuen eta zehatzago esateko horiek bisitatzera zihoazen pertsona jakin batzuen bisitak ukatzen hasi ziren pertsona horiek duten militantzia aitzakia gisa jarrita. 

Hori gutxi ez eta, orain, arestian aipatu dugun dokumentua sinatzera behartzen hasi dira. Dokumentu horren edukia era labur batean azaltzeko, estatu burges espainolaren mendeku eta sarraski legedi penitentziarioaren ideien barruan kokatu behar da, presoaren izaera politiko oro ukatu eta damua bilatzen duena. Horretarako betiko aitzakia eta hitzontzikeria merkeak darabiltzate: birgizarteratzea, jokabide prosoziala, Ordenamendu Juridikoa etab. Hitzontzikeria beste behin ere adierazpen edota sormen askatasuna bezalako oinarrizko eskubideak urratzeko, preso politikoen aldeko elkartasuna oztopatzeko eta haien izaera politikoa ukatzeko, dena demokraziaren izenean. 

Gainera, haien totalitarismoa eta eskubide urraketa ezkutatzeko, kolektibo zaurgarrien  (esaterako LGTBI+ kolektiboa) aurkako jarduera eta edukirik ez egoteko konpromisoa hartzea eskatzen dute. Noski gu kolektibo zaurgarrien eta, era batera edo bestera gizartean zapalduak diren pertsona ororen alde eta haien zapalkuntzaren aurka gaudela, baina, Eusko Jaurlaritzak aitzakia bezala erabiltzen du hau, besteak beste, amnistia osoaren edota euskal preso politikoen elkartasunaren aldeko keinu edo adierazpen oro isilarazteko. Funtsean, sasi-tolerantziaz makilatutako zentsura eta kapitalismoak zapaldu, erreprimitu eta kartzelaratu dituen kolektibo zaurgarrien izenaren erabilpen itsusia kartzela bera eta ordena burgesa zilegiztatzeko. 

Eusko Jaurlaritza osatzen duten eta marko instituzional burges horretan parte hartzen duten alderdiek zer esan asko daukate gai honen inguruan. Batzuek, ordena burgesa zilegiztatu eta bertan agintzen duten heinean, elkartasuna isilarazteko eta gu makurrarazteko gogo handia daukate. Gure ustez, ordea, adierazpen zein sormen askatasunaren, elkartasunaren eta preso politikoen askatasunaren alde dauden eragile, erakunde edota norbanako ororentzat guztiz deitoragarria eta salagarria izan beharko litzateke Eusko Jaurlaritzaren dokumentu hau. 

Beraz, guzti hau esanda, gure irakurketarekin bat egiten duen ezein artista, musikari edo sortzaileri honen inguruan hausnartzeko, aurka egiteko antolatzeko eta borrokatzeko deia luzatzen diogu. Borrokak egingo gaitu aske eta borrokak askatuko ditu kartzeletan ditugun gudariak. 

Preso politikoekiko elkartasuna zilegi ez ezik beharrezkoa delako. Inposaketen eta zentsuraren aurrean: amnistia osoa!