2024-03-19

Zer da tinko

AMNISTIA OSOAREN alde lan egiteko helburuarekin eratutako antolakunde independentea da TINKO. Amnistiaren aldeko antolakundea den heinean, errepresioari aurre egiteko beharrezkoak diren bitartekoak sortzeko xedea du, eta bere lan esparrua Euskal Herria da. Izenak dioen bezala, preso politiko batzuek garai zail hauetan duten irmotasun eta konpromiso jarrera islatu nahi du. Mantentzen ari diren duintasun eta gogortasunarekin batera, kalean borroka kontsekuentea egin behar da, gure erantzukizuna da borrokaren garrak bizirik jarraitzea; horretarako, inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu antolatzea.

TINKOk errepresioaren inguruan egiten duen irakurketa kasu bakoitza era isolatuan salatzetik haratago doa, kasu horietako bakoitzak egoera errepresibo orokor bati erantzuten baitio. Estatuak dira errepresaliatuen trataera indibidualizatuari buruz hitz egiten dutenak, izaera politikoa ukatuz eta elkartasuna oztopatuz. Beraz, gure betebeharra alde horretatik batasuna eta elkartasuna sustatzea da.

AMNISTIA OSOAren aldarrikapena da aipatutako errepresioaren ikuspuntu orokor hori eskaintzen duena, baita errepresio horri kontrajartzen zaion aterabide politikoa. Amnistia osoak errepresaliatu politiko guztien askatasuna barnebiltzen du inolako bazterketarik gabe, baita errepresioaren oinarrian dauden arrazoien gainditzea ere, hala nola, zapalkuntza nazionala eta soziala. Beraz, TINKO ideologizatutako militantez osaturiko antolakundea da, Euskal Estatu Sozialistaren bidean errepresioaren aurkako esparruan bere ekarpena egin nahi duena. Errepresioa borrokaren intentsitate mailara egokitzen bada, gure lana errepresio horri aurre egitea izango da borrokarako baldintzak errazten saiatzeko.

Errepresioaren inguruko irakurketa zabalagoa egin beharra dago, errealitateari erreparatuz gure indarrak batzeko asmoarekin. Atzoko, gaurko eta biharko borroka zikloen errepresaliatu politikoen interesak defendatuko dituen errepresioaren aurkako mugimendu zabal bat sortzea dugu helburu, beti ere amnistia osoaren aldarrikapenarekin bat egingo duena eta aurrera eramandako borroken araberako ezberdintasunik ezarriko ez duena. Azpimarratu beharra dago aurreko fasearen ondorioz errepresioa pairatzen duten militanteen eskuzabaltasun izugarria. Negurik gorrienean ere gure iparrorratz izan dira eta gaur ere hala jarraitzen dute izaten.

Amnistia osoa da gure helburu estrategikoa eta ez dugu modu juridiko hutsean definitzen, politikoan baizik. Amnistiak preso, iheslari, errefuxiatu eta deportatu politikoen baldintzarik gabeko askatasuna barne hartzen du, baina baita pertsona horiek oinarrizko eskubideen alde borrokatzera bultzatu zituzten zergatiak ebaztea ere, Euskal Herriaren kasuan Espainiako eta Frantziako estatuen zapalkuntza nazional eta sozialari aurre eginez. Gure eskubideen ukazioaren amaierak bakarrik berma dezake espetxeak hustu ondoren berriro ez betetzea. Hauek dira, aipatutako errepresaliatu politikoen askatasunarekin batera, amnistia osoak jaso behar dituen beste neurriak:

  • Autodeterminaziorako eskubidea
  • Langile klasearen aurkako lege errepresiboak deuseztatzea. Lan erreforma, mozal legea, alderdien legea eta terrorismoaren aurkako legea indargabatzea.
  • Euskal Herriko indar errepresiboak eta okupazio-indarrak desegitea eta kanporatzea.

ERREPRESIOAREN AURKAKO SAREA

Hasieran adierazten genuen bezala, TINKOk errepresioari aurre egiteko beharrezkoak diren bitartekoak sortzeko xedea du. Errepresio kasuen aurrean antolatzeko baliogarriak diren erremintak sortzea beharrezkoa ikusten dugu, militantzia esparru ezberdinetan aritzeagatik errepresioa pairatzen dutenen babeserako elkartasun-sare eraginkorrak sortuko dituena. Babes juridikorako bitartekoak antolatzeaz gain, errepresio orokorraren baitan kokatuz eta amnistia osoaren aldarrikapenaren bermearekin. Sarea politikoki zabala litzatekeen arren, minimo hauen arabera jasoko lukete babesa errepresaliatuek:

  • Amnistia osoaren aldarrikapenarekin bat egitea.
  • Sarea bera elikatzea, hau da, beste errepresio kasu batzuen aurrean sarea indartzea.
  • Kolektiboa indibidualaren aurretik jartzea.
  • Balizko epaiketa batean oinarrizko eskubide politikoei heldu izana ez ukatzea: antolaketa politikorako eskubidea, manifestazio eskubidea, biltzeko eskubidea eta adierazpen askatasunerako eskubidea.