2024-12-10

Irakurketa

Deskargatu pdf-n

Azken urteotan Euskal Herrian hainbat aldaketa politiko eman dira. Aldaketa politiko horiei erreparatuta militante batzuk amnistiaren aldeko eta errepresioaren aurkako borroka hartu eta bere inguruan hausnarketa batzuk egitera behartuak ikusi gara ezinbestean.

Orain arte amnistiaren aldeko borroka sektore oso zehatz bati lotuta egon da, hots, Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduari hain zuzen. Azken menderdian emandako borroka horrek, besteak beste hainbat errepresaliatu politiko utzi dizkigu. Borroka armatua eta beste erresistentzia mota batzuk bertan behera uzteak ez du amnistiaren aldeko borrokarako espazio berririk ireki: errepresioak handitzen eta hedatzen jarraitzen du. Era guztietako herri-mobilizazioak (solidarioak, antifaxistak, etxegabetzeen aurkakoak, lurraren defentsa egiten dutenak etab.), langileen eta sindikatuen mobilizazioak eta oro har disidentzia politiko oro errepresaliatzen ari dira.

Espainiako eta Frantziako estatuek euskal langile klaseari egiten dioten zapalkuntza nazionala eta soziala ezin da ukatu. Borroka armatuaren amaierak ez du aurrerapausorik ekarri nazio auziari dagokionez, eta are gutxiago klase auziari dagokionez. Bestalde, euskal instituzioek, arazo larriei aurre egin beharrean, alderantzizkoa ekarri dute, Euskal Herriko eskubide eta askatasunen aldeko borrokan atzerakada. Halaber, ez du aldaketa esanguratsurik ekarri ustezko ezker instituzionala Espainiako Gobernura iristeak (alderdi erreformisten eta euskal nazionalisten laguntzarekin). “Historiako gobernu aurrerakoienarekin” ere ez zaie atsedenik eman langile klaseari eta gainerako herri sektoreei; lan erreforma eta mozal legea ez dira indargabetu eta, are gutxiago, alderdien legea edo terrorismoaren aurkako legea. Erreformisten promesa guztiak ahanzturan erori dira.

“Ilusio faltsuek eta norabide-aldaketek ez dezatela balio borroka itzaltzeko, herri edo klase zapaldu guztiek duten aukera hori deuseztatzeko, beren interes kolektiboak behar diren moduan defendatzeko” Jon Kepa Preciado.

Langileriaren eta gainerako herri sektoreen mobilizazioetan errepresioa handitzen ari da, lehenago aipatutako inposatutako lege horien ondorioz. Horren adibide argi bat bizi dugun osasun krisiaren azken etapa honetan ikusi ahal izan dugu: geratzen zitzaizkigun eskubide eta askatasun demokratiko urriak ezabatu egin dira, estatuen izaera errepresiboa areagotuz.

Atxiloketak eta kartzelatzeak, poliziaren muntaiak, isunak, etxe kaleratzeak, lan kaleratzeak eta abar ez dira sekula geldiarazi, aitzitik, areagotu egin dira. Kapitalismoak pairatzen duen krisiak eta, aldi berean, osasun krisiarengatik sakondu denak, are gehiago larriagotuko ditu klaseen arteko kontraesanak eta horrek guztiak estatuen autoritarismoaren eta errepresioaren igoera dakar.

Agian barregarria izango da esatea egunean hiru otordu dauzkadala eta ez zaidala aterperik falta… Honekin adierazi nahi dudana da gero eta pertsona zein familia gehiago daudela miseriaren atarian eta geroz eta gehiago ari direla handitzen esplotatuen eta esplotatzaileen arteko klase ezberdintasunak”. Patxi Ruiz.

Balantze historiko eta politiko laburra

Puntu honetara iritsita, etsaien azterketa zehatzagoa egin behar dugu, baita herri hau zapaltzen duten estatuen garapen historikoa ere, horiek baitira burgesiak errepresioa erabiltzeko dituen tresnak.

Estatua klase batek beste bat zanpatzeko duen errepresiorako arma da”. Lenin.

Espainiako estatuaren etapa “demokratikoan”, errepresioari dagokionez, ez da inoiz aldaketa esanguratsurik gobernu ezberdinak egon izan diren arren. Monarkia fermuki arduratu zen guztia “lotuta eta ondo lotuta” edukitzeaz “Mugimendu Nazionalaren printzipio aldaezinak” oinarri hartuta; beraz, herrien zapalkuntzarako eta errepresiorako beharrezko tresna guztiek bere horretan jarraitu zuten Francoren heriotzaren ondoren.

Gure herriko eta oro har estatu espainoleko jendeak zapalkuntzaren eta esplotazioaren aurka egindako borrokak “aldaketa” politiko bat egitera bultzatu zuten erregimena. Frankistek berek aspalditik prestatzen zuten trikimailu bat zen, bloke inperialistan ekonomikoki eta militarki integratzeko asmoz eta, aldi berean, sistemaren aurkakotasuna sisteman bertan asimilatzeko helburuarekin. “Aldaketa” horrek 1976ko Erreforma Politikoa ekarri zuen eta 1978ko Espainiako Konstituzioari forma eman zion. Faxistek berek babestutako Konstituzio antidemokratikoa, monarkia, ustiapen kapitalistaren sistema eta nazionalitateen zapalkuntza sendotzen dituena.

“Frankismoa, aldaketarik gabe zein traizioekin egindako trantsizioa eta demokrazia faltsua dira espainiar estatuaren historia laburreko azken etapak.” Jon Kepa Preciado.

Gaur egun ez da sekretua goi kargudunek, poltronetan daudenek, poliziek, epaileek, telebistak eta prentsak, hau da, gainegitura guztiak, bere horretan iraun dutela. Estatuaren hiru botereek; exekutiboak, legegileak eta judizialak 1936ko uztailean matxinatu zirenen eskuetan jarraitu zuten eta jarraitzen dute. Garai frankistan aberastu zen oligarkia bera da gaur egun ere izua zabaltzen jarraitzen duena.

Faxismoa boterean kapital finantziarioaren elementu atzerakoiena, txobinistenen eta inperialistenen diktadura terrorista irekia da”. Dimitrov.

Estatu frantsesari dagokionez, 1789an jazotako iraultza burgesak nekez ekarri zion onik Euskal Herriari. Aitzitik, Euskal Herriaren zapalkuntza nazionalean sakondu zuen: euskararen gutxiespenean, frantsesaren eta errepublika frantsesaren ideien inposaketan etab.

Askatasunaren, berdintasunaren eta anaitasunaren kontzeptu burgesak elementu erreakzionario eta ustelenak dira gure herriarentzat eta gure klasearentzat. Parisko komunaren porrotaren esperientziak ez zuen gurean gehiegizko oihartzunik izan. Lehen Mundu Gerrak euskaldunak frantziar inperialismoaren alde gudara joan eta odolusteko baizik ez zuten balio izan; “euskaraz baizik ez zakiten haiek: mourts pour la patrie”. Etnozidioaren, kapitalismo basatiaren eta kolonien aurkako etengabeko basakeriaren aberria horren alde hil ziren bortxaz.

Bigarren Mundu Gerran Paris askatzen lehenak Gernika Batailoiko gudari euskaldunak izan ziren arren, ondoren etorriko ziren gobernuek ez ikusiarena egin zuten eta ongi dakigu Frantziak ez duela nehoiz izan eta ez duela nehoiz Euskal Herriarentzat zapalkuntza eta esplotazioa ez den beste proiektu politikorik izango.

Azken hamarkadetan ere estatu frantsesak, Europako bloke inperialistaren parte izanda, nahiz eta garai batean euskal errefuxiatuek mugitzeko nolabaiteko askatasuna ukan beren lurraldean, azkenean espainiar estatuarekin lankidetza estuan aritu zen gure herriaren zapalkuntza eta esplotazioari dagokionean.

Gaur egun, frantziar estatuak Segurtasun Globalaren Legea atzeratu behar izan du, kalean aurkitu duen oposizioa dela eta, baina bere asmoa etorkizun hurbilean onartzea da. Lege honetan gehien nabarmendu den ataletariko bat poliziaren esku-hartzeak grabatzeko debekua ezartzen duen artikulua izan arren, askatasunari aurrez aurre erasotzen dioten beste artikulu batzuk ditu: pertsonen kontrolerako dronen erabilera, aurpegiaren identifikaziorako mekanismoak, Udaltzaingoak Polizia frantsesarekin parekatzea, segurtasun pribatuko enpresen funtzioak zabaltzea, zerbitzutik kanpo dauden polizia zein militarrei leku publikoetan armaturik sartzeko baimena ematea, polizien aurkako ekintzengatik kondenatutako pertsonei zigorrak luzatzea etab.

Horri guztiari FIJAIT fitxategia gehitu beharko litzaioke; horren bidez, yihadismoaren aurkako borrokaren aitzakiapean, Parisko Auzitegi Korrekzionalean kondenatuak izan diren preso ohiak kontrolatzen dituzte. Kontrol horretan, preso ohiaren kokapena, bizileku-aldaketak eta abar jakinarazteko betebeharra sartzen da.

Estatu frantses eta espainiarraren uztarpean jarraitzeak, Espainiako Konstituzio antidemokratikoa eta frantziar Errepublika jakobinoa modu batean edo bestean sostengatzen duten indar politiko guztien konplizitatearekin legitimaturik egonda, ondorio nabarmenak ditu gure herriarentzat.

Askatasunak etengabe murriztea, esplotatzea, autodeterminaziorako eskubidea ukatzea, estatu-terrorismoa, preso politikoen arreta medikorik eza, sakabanaketa, tortura, hilketak, atxiloketak, poliziaren basakeria eta ustelkeria etengabeak izan dira espainiar zein frantziar estatuen historian.

Langileen lan-baldintzek okerrera egin dute nabarmen, eta bizi-maila murrizten ari da egunez egun; lan-esplotazio hori areagotzen ari den heinean, langileriaren eta patronalaren zein hau babesten duten erakunde guztien arteko konfrontazioa ere handituz doa. Bestalde, hainbat herri-sektore askatasunen murrizketa sistematikoaren lekuko izaten ari dira, bai eta instituzio guztietan dagoen ustelkeriaren lekuko ere. Erakundeak legez kanpo uztea, egunkariak ixtea, militante politikoak, txiolariak zein artistak atxilotzea eta espetxeratzea, medikuen arretarik eza kartzeletan, 155. artikulua Katalunian…

“… nazio ezberdinen fronte antifaxista komunetik abiatuz, 78ko faxismoaren erreforma ‘baketsua’ ezbaian jartzen duen rol demokratiko eta historikoa ari da garatzen. Gaur egun Katalunian burgesiak amnistia aldarrikatzen du; Madrilgo kaleetan 6000 lagunek preso politikoen askatasuna, amnistia eta abar eskatzen dute. Eta Euskal Herrian? Sektarismoa, legea bete dadila…” Dani Pastor.

Espainiar Konstituzioak “nazioaren batasun zatiezina” sendotu nahi du, eta horrek Euskal Herria eta estatuko gainerako nazionalitateak zuzenean baliogabetzea dakar. Frantziar Errepublikari erreparatuz, egoera are larriagoa da, nazio zapalduen hizkuntzak ia desagertzear daude eta ez daukate estatuaren aldetik inongo laguntzarik, ez autonomia estatuturik eta ez ezer.

Ez dezagun ahantz faxistak Espainiar Errepublika herrikoiaren aurka armaz altxatzeko arrazoi nagusietako bat, hain zuzen ere, autodeterminazio eskubidea gauzatzea saihesteko izan zela. Batasun sakrosantua Espainiako zutabe nagusietako bat izan zen eta izaten jarraitzen du. Horregatik, estatuak ez du inoiz zalantzan jarri Kataluniako herriaren eta buruzagi independentisten aurkako errepresio-aparatu osoa erabiltzea. Nahiz eta borroka metodo baketsuak erabili, estatuak ez zuen zalantzarik izan kataluniarrak militarki mehatxatzeko.

Euskal Herrian, estatu terrorismoa eta gerra zikina nabarmenagoak izan dira kontrara egindako borrokaren intentsitatearen ondorioz. Adibide bat jartzearren, Mikel Zabaltzaren, Lasa eta Zabalaren zein beste hainbat militanteren erailketak. Estatuaren aro “demokratikoan” PSOEk berak, GALen arduradunak, burututako estatu terrorismoaren erakusgarri. CESID taldeko zuzendari ohi baten eta Guardia Zibilaren kapitain baten arteko elkarrizketaren grabazioek agerian uzten dute, beste behin ere, errepresioa gauzatzen dutenen zigorgabetasuna. Zenbatezinak dira estatuak berak sortu eta babestutako polizia zein erakunde terroristek gauzatutako tortura, bahiketa eta hilketa kasuak. Ze demokraziaz hitz egiten digute frankismoaren garaian jarduten zuten polizia, militar eta epaile berberek modu berean eta zigorgabetasun osoz jarduten jarraitzen dutenean behin trantsizio faltsua igarota?

Zalantzarik gabe, gaur egun horrelako ekintza beldurgarriak errepikatu egiten dira estatuaren indar errepresiboek bahitzen dituzten militante politikoekiko, edozein koloretakoak direla ere eta gobernuan nor dagoen kontuan hartu gabe. Poliziak torturatu eta inpunitate osoz erailtzen du!

Hau esanda, euskal burgesiaren konplizitatea aipatu behar dugu errepresioari dagokionez. Foruzaingoa eta Ertzaintza estatu autoritarioak egindako sarraski guztien laguntzaile eta parte-hartzaile zuzenak dira. EAJren Eusko Jaurlaritza eta bere polizia estatuaren errepresio-aparatuaren parte dira; izan ere, beraien onura ekonomikoaren bila, inoiz ez dute zalantzarik izan zapaltzaileekin lankidetzan aritzeko, gure herriaren esplotazioa eta zapalkuntza iraunarazteko.

“Euskadiko Lehendakari kargua hartzen dut, eta bere lurraldean estatuaren ohiko ordezkari kargua hartzen dut, koroarekiko leialtasunez beteko dudana”. Iñigo Urkullu (2020/09/05).

Horregatik guztiagatik, estatua erabat prestatua eta egokituta dago errepresioa orokorki gauzatzeko; izan ere, gainegitura juridiko, politiko eta ideologikoa frankismoaren oinordeko zuzena da. Hortik dator bere izaera monopolista, zentralista, terrorista eta faxista.