2024-12-03
Errepresioaren aurrean tinko

Ekain eta uztaileko errepresioaren laburpena

Hona hemen ekain eta uztaileko jarduera errepresiboaren laburpena. Ziurtasun osoz ez direla gertaera errepresibo guztiak agertzen, eta are gutxiago kontutan hartzen badugu honakoak instituzioek zuzenean burututako kasuak direla.Izan ere errepresioa gure bizitzako esparru guztietara hedatzen dute estatuek. Komunikabide eta hezkuntza-sistemaren bitartez prestatzen gaituzte haien zapalkuntza eta errepresioa modurik otzanenean onar dezagun. Gutxi batzuen poltsikoak betetzeko asmoz produzitzeko makinak besterik ez gaitezen izan bilatzen dute. Eskubiderik gabe, esklabutzatik gero eta gertuago dauden soldatekin. Lanean baina pobre, edo lanik gabe baina lan bila… pobre jarraitzeko.Errepresioa ez dator beti gizon armatuen eskutik, nahiz eta gizon (eta emakume) armatuak diren errepresio mota guztien berme. Errepresioa badator espainiar edo frantziar hizkuntzen unibertsaltasuna defendatzen duen bitartean euskara erasotzen duen ustezko intelektualarengandik. Badator sotana baten azpitik, edo sistema honen balore sozial, erlijioso edota ekonomikoak onartzen dituen edozeinengandik, izan erailtzen zaituen bikotekidea, izan balkoitik behatzen zaituen bizilaguna, izan “ehizan” irteten den nazia, edo izan zure kuadrilako zipaio jatorra. Argi dago Euskal Herrian errepresioari aurre egiteko bitartekoak sortzeko premia daukagula, batez ere asimilatuta nahi gintuzten arren borroka egiteko nahiak gurean jarraitzen duela ikusita. Laburpen honetan Espainiar Estatuak legeztatu nahi duen identifikazio sistema modernoei egindako erreferentzia agertzen da. Legedia aldatu nahi dute, hain zuzen ere Frantziako Estatua egiten saiatzen ari den gauza bera. Kontrol sozial eta politiko are eta zorrotzagoa bilatzen dute. Garai batean distopia zena eta gizarteak diktaduratzat hartzen zuena, gaur egun onarpen handia dauka lehen aipatutako komunikabide horien lanaren eraginez. Hamarka militante politiko prebentiboki atxilotu, torturatu, eta espetxeratu zituzten Garzonen aginduz mende honetako lehenengo bosturtekoan. Prebentiboki ere itxi zituzten bost komunikabide. Eta prebentiboki ari dira gure izatearen alderik intimoenak biltegiratzen. Estatuek gerran jarraitzen dute, gure klasearen aurka eta asimilazio nazionalaren alde. Horren aurrean antolatzea dagokigu. Errepresioaren aurrean Tinko!