Irailaren 27 honetan 46 urte betetzen dira Francoren errejimenak Anjel Otaegi Etxeberria eta Jon Paredes Manot “Txiki” ETAko kideak, baita FRAPeko Xoxé Humberto Baena, José Luis Sanchez Bravo eta Ramón García Sanz ere fusilatu zituenetik. Frankismoaren azken fusilamenduak izan ziren eta, ordutik, Gudari Eguna ospatzen da urtero Euskal Herrian.
Dena “lotuta eta ondo lotuta” uzten zuela esan zuen Francok hil aurretik, eta fusilamendu hauek lotura horren parte ziren. Erailtzen heldu zen Franco, eta erailtzen utzi zuen mundua, oheko berotasunean, egindako krimenengatik ordaindu gabe. Gauza bera esan dezakegu trantsizioa deiturikoari buruz. Frankismoak bere ibilbidea bukatu zuen moduan hasi zuen ustezko demokraziak berea: erailtzen.
Batzuek “trantsizio eredugarria” deitzen dioten hori, praktikan, denak bere horretan jarrai zezan itxura aldaketa bat baino ez zen izan. Tribunal de Orden Público zena Audiencia Nacional deitzera pasatu zen, bere egoitza eraikin berean mantenduz, epaile berberak mantenduz eta legedi frankista berbera betearaziz, baita tortura eta erailketa parapolizialak bezalako praktikak onartuz eta babestuz.
Ministro eta gainontzeko politikari frankistak “demokrata” izatera pasatu ziren egun batetik bestera, elite ekonomikoek euren pribilegioak mantendu zituzten eta Espainiako Konstituzioak Espainiaren zatiezintasuna bermatu zuen, okupatutako nazioen kateak lehen bezain estu mantenduz.
Gudari Egunak askatasunaren alde borroka egitegatik bizitza galdu zutenak omentzea du helburu. Egun honek garrantzi berezia hartzen du memoria historikoa ezabatu nahi diguten honetan. Burgesiaren biolentziaren monopolioa ziurtatze aldera, borroka egiten dutenen aurkako eraso iraunkorrean murgilduta daude Espainiako zein Frantziako Estatuak. Dena eman dutenen memoria goraipatzea, ordea, borrokarako eskubidea eta betebeharra goraipatzea da.
Pobrezia areagotzen ari den unean, Estatuek errepresiorako bitartekoak sendotzeko bideari ekin diote, kaleen militarizaziotik hasita eta kontrol sozialerako legedia berri baten proiektua prestatzeraino. Kultura eta hizkuntza ezberdinak inposatzen dizkigute Frantziak eta Espainiak, baina bat egiten dute hori egiteko ereduan, finean eredu kapitalista baita, inperialista izatez, inposatzen digutena. Gudarien ausardia eta eskuzabaltasuna hartuko dugu guk eredu askatasuna irabazteko bidean.
ERREPRESIOA ETA ZAPALKUNTZAREN AURREAN TINKO