Asier Guridi Zaloña euskal iheslari politikoak gose grebari ekin zion atzo, abenduak 3, Caracaseko Espainiar Kontsulatuaren aurrean, bere asilo eskubidea onar diezaioten. Borroka honen nondik norakoak azaltzeko argitaratu duen gutunean, euren burua dokumentaziorik gabe bizitzera bultzatuta ikusten duten iheslari politikoen egoera agerian uzten du.
Paperik gabe, iheslariek ez daukate eskubide minimoak bermatzeko aukerarik ere. Artatze medikua jasotzeko, elikagaiak lortzeko, lan egiteko, edota diru-laguntzak eskatzeko dituzten ezintasunak agerikoak dira. Askotan eperik gabeko zigorra bihurtzen da haien egoera.
Kasu honetan, kaltea iheslariaz harago doa, izan ere babesgabetasunak Asierren semeari ere eragiten baitio.
Tinkok elkartasuna helarazi nahi dio Asierri eta iheslariak egiten duen asilo eskaerarekin bat egiten dugu. Honekin batera amnistia osoaren aldarrikapena egin nahi dugu, hau militante politikoa hauek borrokara bultzatu zituzten arrazoien gainditze gisa ulertuta.
Jarraian Asier Guridiren gutuna uzten dugu irakurgai:
“Euskal Herriari jakinarazpena
Asier Guridi Zaloña euskal iheslari politikoak ondorengoa azaldu nahi dio Euskal Herriari:
2001. urtetik etxetik kanpo naiz Estatu Espainolaren jazarpenari ihes egin nahiean; era berean aurrekari gisa gogoratu behar da aurretik Guardia Zibilaren esku tortura larriak eta presondegietan sei jipoi ere jasoak ditudala.
2005.urtetik Venezuelan nago bizitzen eta bertan jaio zen 2008. urtean nire semea. Venezuelako Errepublika Bolibariarrean herritar arruntekin bat eginez mototaxista eta taxista lanak eginaz bizi izan nintzen zenbait urtez 2013.urtean atxilotua izan nintzen arte.
2013.urtean eta preso denbora laburra egin ostean hasi zen nire infernua. Ni nortasun, eskubide, berme eta bizibiderik gabe utzi ninduten kalean; eta honek nire semea Iban ere nortasun arazoekin eta eskubiderik gabe utzi zuen. Urteak egin ditugu era guztietako arazoak genituelarik; jangaien arrazionamendua izan genuen garaian supermerkatuetan ez ziguten janaririk saltzen N.A.N agiririk ez genuelako; linboko egoera honetan ez zegoen taxista edo mototaxista lanik egiterik, eta diruiturri bila kalera laranja zukuak egin eta saltzera ateratzean ere eragozpenak eta debekuak izan ziren…
Urteak igaro ditugu egoera honetan. 2020.urtean Caracaseko Espainiar Kontsulatuak ere Espainiak atzerrian eman dezakeen nortasun agiri bakarra ukatu zuen; eta neurri honekin, Iban semea, « Espainiar herritarren » eskubide berberekin ahaldundu eta Oñatin egonik, Venezuelar jatorriko erregularizazioz kanpoko haurra izatea ekiditzeko bidea ere itxi zitzaidan. Nola semeari dagozkion eskubideak eman, eskubide horiek eskuratzeko beharrezkoa den aitaren nortasuna ukatzen bada?…
Ez da batere goxoa gizartetik, eskubideetatik eta bermeetatik kanporatua izatea. Linbo egoera honetan bizi beharrak egunerokoan mila arazo sortzen ditu! Besteak beste ezin lanbide normal bat izan; ezin gidatzeko baimenik izan; ezin debitu txartelik edo bankuko konturik izan; ezin mugikorrik norberaren izenean izan…. Eta nire seme Iban Guridiri ere eragiten dio; ezin ikasketetarako beharrezko dituen bekak eskatzeko eskaerak osatu; ezin erregularizazio agiria eskatzen den txango eta bestelakoetan parte hartu; DBH-2ko ikasketak amaitzean ez omen zaio horren agiririk emanen; oinordetza eskubideak edo eta errepideko kontrol arrun batean paperik ezaren arazoak eragingo lukenaren etengabeko beldurra besteak beste
Horrela ba, egoera hau sakon sakonetik konpondu beharra dago eta jakinarazpen honen bidez azaldu nahi dut gaur abenduak 3. Caracaseko Espainiar Kontsulatuaren aurrean gose greba mugagabea hasten dudala nire eta nire semearen eskubideen eske. Espainiar Estatua da duela urtebete niri pasaportea ukatuz gure egoera erregularizatzea ezinezko egiten duena. Era berean Venezuelako Gobernu Bolibariarrak ere baditu egoera hau konpontzeko tresnak; bai asilo eskubidea emanez; bai errefuxiatu Izaera onartuz eta bai hemen hainbeste urte daramatzan Venezuelar jatorriko haur baten aita izatearren ohizko nortasun agiri arrunta eginez; Venezuelako Gobernu Bolibariarraren esku ere dago Ibanen jaiotze agirian egin beharrezko zuzenketa guztiak egitea.
Honenbestez Euskal Herriko herritar, lagun eta talde ezberdinen babesa eta laguntza eskatzen dut, iragarri dudan borrokaldiak bilatzen diren emaitzak izan ditzan
Nire semeagatik eta niregatik, guregatik!!!
Linbo egoeratik borrokara!!! »