2024-11-21

Sopelako gazteen atxiloketaren aurrean

Sopelako hiru gazteen atxiloketaren aurrean (laugarren pertsona bat inputatuta dago), Tinkok elkartasuna adierazi eta haien behin-betiko askatasuna exijitu nahi du. Bestetik eta okupazio indarra den heinean, Espainiako Poliziaren jarduera salatu nahi dugu, are gehiago kontutan izanda erakiunde terrorista hori Euskal Herrian aritu den gehienetan tortura eta heriotzaren aztarna utzi duela.

Gazte hauei joko-aretoen aurka aritzea leporatzen diete. Legediak eta, ondorioz, poliziak, hainbeste miseria sustatzen duten joko-aretoen defentsa egiten dute. Ez dituzte langile klasearen eskubideak defendatzen, baizik eta hauen kontura burgesiak “aberasteko” duen eskubidea.

Joko-aretoek ludopatia eragiten dute, eta gainera arazo ekonomikoak dituzten pertsonak dira tranpa honetan erortzeko aukera gehien dituztenak. Euren egoera ekonomiko kaskarrari irtenbidea aurkitu nahian, gero eta jende gehiagok jotzen du apustuetara, haien miseria handituz eta arazo honi beste arazo batzuk gehituz, hala nola depresioa, familiarekin apurtzea, alkoholismoa, zorrak handitzea, lapurretetara jotzea eta abar.

Burgesia langileen aurkako ofentsiban bete-betean sartuta dagoen une honetan iristen dira atxiloketa hauek. ERTEak, EREak, kaleratzeak, etxegabetzeak, eskubideen murrizketa, esplotazioa, argindarraren presioaren igoera edo kontrol soziala, besteak beste, gauzatzen ari diren unean, errepresio sistema indartzen ari dira, ezartzen duten orden basatiari aurre egiten dion edonor zigortzeko.

Tinkok errepresioaren aurrean antolatzeko deia egiten du. Errepresio kasuen aurrean antolatzeko baliogarriak diren erremintak sortzea beharrezkoa ikusten dugu, militantzia esparru ezberdinetan aritzeagatik errepresioa pairatzen dutenen babeserako elkartasun-sare eraginkorrak sortuko dituena. Babes juridikorako bitartekoak antolatzeaz gain, errepresio orokorraren baitan kokatuz eta amnistia osoaren aldarrikapenaren bermearekin.

TINKO.