2024-04-23

Ibai Aginagari lau egunetan 10 parte jarri dizkote Duesoko kartzelan

Ibai Aginaga Berangoko preso politikoari 10 parte diziplinario ezarri dizkiote lau egunen buruan Duesoko (Santoña, Kantabria) kartzelan, eta hiru aldiz sartu dira kartzelariak bere ziegan.

10 parte hauek zenbaketetan zutik ez jartzegatik ezarri dizkiote eta horren ondorioz zigorra jasoko du. Gogorarazi beharra dago kartzeletako zenbaketen helburua presoa onik dagoela eta ihes egin ez duela egiaztatzea litzatekeela. Beraz, presoei zutik egoten behartzea hauek oinperatzeko beste modu bat besterik ez da, zenbaketaren ustezko helburuarekin zerikusirik ez duena.

Horregatik preso politikoek historikoki neurri honi uko egin diote, eta zenbaketak zutik pasatzearen aurka borroka egin dute. Tinkok bere babesa helarazi nahi dio Ibai Aginagari, baita kartzelaren aurrean mantentzen duen jarrera duina goraipatu ere.

Kasu honek agerian uzten du berriz kartzelaren izaera torturatzailea berdin azaleratzen dela Sevillan, Dueson, zein Martutenen. Kartzela bazterketa eta miseriaren ondorioz gizarte burgesaren parametroetan sartzen ez den oro kaletik ezabatzeko bitartekoa da. Zer esanik ez militante politikoei dagokionean, izan ere hauekiko helburua zigor eredugarria ezartzea baita, izua zabalduz sistemari aurre egiten diotenen militantzia baldintzatu nahian.

Ibai Aginaga uztailaren 16an iritsi zen Duesoko kartzelara. Sevilla II-ko kartzelatik atera zuten ekainaren 30ean eta bi astez Valdemoroko (Madril) kartzelan mantendu zuten.

Ibai Aginaga 2003ko uztailaren 14an atxilotu zuen Espainiako Poliziak Iruñean eta bost egunez torturatu zuten. Ordutik Soto del Real, Alcalá-Meco, Ocaña I, Jaen, Algeciras, A Lama, Sevilla II eta Duesoko kartzeletan izan dute preso. 2022ko martxoan aterako da kalera.