2024-04-25

Gaurko mobilizazioaren argazki batzuk

Gaur, Zaballako espetxera hurbildu gara Garikoitz Etxeberria preso politikoarekiko elkartasuna adierazteko. Espetxera hurbildu bezain laster, Ertzaintzaren dispositibo batek bidea galarazi digu, azkenean espetxe berak kontzentrazioaren baimena ukatu eta segurtasun-perimetro bat ezarri baitigute. Poliziaren kontrola egon arren, zenbait solidariok distantziatik egin ahal izan dugu kontzentrazioa.

Hemen kontzentrazioan irakurritako testua.

Gaurkoa bederatzigarren eguna du Garik patio greban. Bosgarrena gose greban. Kartzela, berez, gogorra bada, zer esanik ez instituzio honek berezkoa duen indarkeria estrukturalari zure osasunaz aurre egin behar diozunean.

Presoak bere gorputza besterik ez dauka kartzela eta kartzelarien erasoez babesteko. Horregatik sarraski esparru hauetan ematen diren borrokak dira beti hain latzak.

Oraingoan Garik aldarrikatzen duena oinarrizko eskubide bat da: inorekin ziega partekatu behar ez izatea. Intimitaterako eskubidea, alegia.

Espainiar kartzeletan sistematikoki urratzen den eskubidea da hau, eta “berdintasunaren” izenean, zilegi den Gariren aldarrikapen hau neutralizatu nahi dute.

“Berdintasunaren” izenean preso guztien eskubideak urratu nahi dituzte. Urratuta, baina berdin guztientzat. “Berdintasunaren” izenean kartzela beti kartzela eta txakurra beti txakur, berdin Andaluzian zein Euskal Herrian.

Espetxeen eskumena gobernu autonomikoaren ardurapean gelditzean, PNV izan da lehenengoa esaten espetxe tratamenduari ikuspegi berria emango ziola, eta beste batzuek gezur hori indartzea baino ez dute egin.

Errealitatea da kartzelak ez duela inor birgizarteratzen, are gutxiago preso politikoak. Errespetu moduluak, errespetuzkoak baino, presoak infantilizatzeko, azpiratzeko eta euren borondatea bertan behera uzteko moduluak dira.

Isolamendu galeriak ez dira inoren hausnarketa bultzatzeko lekuak, opakotasuna baliatuz pertsonak jipoitzeko, torturatzeko, bakartzeko eta ahanzturaren zulora botatzeko esparruak dira.

Erizaindegi-modulua, inor sendatzeko baino, jendea drogatuta edukitzeko eta hil zorian egon arte presoak kartzelan mantentzeko bitartekoa baino ez da.

Kartzela, mundu osoan bezala Euskal Herrian ere, iraultzaileak zigortzeko eta pobreak giltzapetuta eta etengabeko mehatxupean izateko burgesiaren bitarteko krudela baino ez da.

Gari Etxeberriaren borroka zilegi da eta denon elkartasuna beharko du.

Jo eta ke amnistia osoa lortu arte!