2024-12-20

Zaballako kartzelariak isilpeko greba egiten ari dira

Zaballako espetxeko kartzelariak isilpeko greba egiten ari dira. Hau da, greba deitu beharrean bajak hartzen ari eta, pertsonal nahikorik ez daukatela argudiatuta, presoen beharrizanak asetzeko beharrezkoak diren funtzioetako batzuk bete gabe uzten ari dira.

Hori dela eta, azken asteetan presoak aktibitaterik gabe eta modulotik atera gabe mantentzen ari dira. Kasu batzuetan aurreikusita zituzten komunikazioak ere galdu dituzte.

Kartzela bazterketa eta miseriaren ondorioz gizarte burgesaren parametroetan sartzen ez den oro kaletik ezabatzeko bitartekoa izateaz gain, boteretsuen etekinak babesteko erreminta garrantzitsuenetakoa da, eta bizkarroi hutsak diren kartzelariak ogi papur batzuk gehiago ari dira eskatzen betetzen duten morroi funtzio horren truke, babesgabeenen kontura baldin bada ere.

Tinkok elkartasuna adierazi nahi die egoera hau pairatzen ari diren presoei, eta salatu nahi du beste behin ere bahitzaileak presoen eskubide oinarrizkoenei eraso egiten ari zaizkiela euren interes partikularren mesedetan, hala nola administrazio publikoaren utzikeria. Euskal Herriko kartzeletan ere errepresioak darrai!