2025-02-25

Otsailak 13 Torturaren aurkako eguna

Beste urtebetez, heldu zaigu otsailaren 13a. Egun hau Torturaren aurkako eguna dugu Euskal Herrian, izan ere, 1981eko egun horretan Joxe Arregi ETAko militantea atxilotu ondoren inkomunikatuta zegoela jasandako torturen ondorioz zendu zen. 

Mendez mende egon diren dominazio sistema guztiek klase batek beste bat menperatzeko balio izan dute. Klase menperatzaileak menderatua bere oinpean hartzeko kontrol soziala eta alienazioa erabili ditu eta, edozer egiteko gai izan da disidentzia zapaltzeko. Bai, edozer. Erailketak, mehatxuak, txantaiak, jipoiak, jarraipenak… eta baita tortura ere. Aurretik aipatutako gauza guztiak egin dituzte espainiar eta frantziar estatuek euskal disidentzia politikoa zapaltzeko asmoz. 

Ondo dakigunez, Joxe Arregiren kasua ez da bakarra, Espainiar estatuak sistematikoki erabili du tortura euskal militanteen aurka eta horretarako makinaria oso bat zuen prestatuta: lehenik poliziak tortura horiek egikaritzen zituzten, ondoren torturei entzungor egiten zizkieten epaileak, fiskalak, epaitegietako auzi-medikuak eta polizien aurrean kokiltzen ziren ofiziozko abokatuak zeuden. Tortura politikari profesionalek agindutako metodo bat izan da, haiek eta enpresari handiek maneiatzen zituzten komunikabideek eta iritzi publikoak isilarazia. 

Mauka den arren, Europar Batasuneko epaitegi burges ezberdinek ere Espainiar estatuaren izaera torturatzaile gupidagabea agerian utzi dute, baina hori ez da nahikoa izan torturatzeari uzteko. Gaur egun, gatazka armatua bukatu eta fase berri batean gauden honetan, etsaiak ez dauka euskal militante iraultzaileen aurka tortura erabiltzeko beharrik, baina horrek ez du esan nahi etorkizunean eta behar duenean erabiliko ez duenik. 

Guzti hau jakinda, ez da paradoxa Euskadi Ta Askatasunaren lehen biktima Meliton Manzanas torturatzailea izatea. Tortura gogorra da eta izan da, baina euskal erresistentziak ere gogor erantzun dio torturari eta torturatzaileei. Guztiok ezagutzen ditugu Andoni Arrizabalaga ondarrutar gazteari egindako torturak, Telesforo Monzonek Itziarren semea izeneko olerkia idatzi eta Pantxoa ta Peiok musikatu zutelako eta nola gazte hark ez zuen ezer ere “kantatu”. Oso ospetsuak dira Joxe Arregiren kasua edota Unai Romanoren aurpegi ubelduaren argazkia edo, Iratxe Sorzabalen bizkar kolpatuaren argazkiak. Hala ere, milaka euskal herritar izan dira torturatuak gure historia hurbilean, Euskal Memoriaren dokumentazioaren arabera ia 10000. 

Torturak, aurretik adierazi bezala, inpunitate osoa izan du, alderdi eta komunikabide batzuentzat tabua izan da eta salatutako milaka tortura kasu ez dira epaitu ere egin, gehiago esateagatik salatu dituztenak beraiek izan dira jazarri eta epaituak. Torturapean sinatutako autoinkulpazioak, salaketak etab. proba gisa erabiliak izan dira ehundaka euskal militante milaka urtetako kartzela zigorrekin epaituak eta errudun joak izateko. Torturatzaile ezagun eta profesionalak egon dira, eta tortura leku ezagunak dira guretzat Intxaurrondo edota La Salve. Zoritxarrez Intxaurrondo da Europan egon den tortura zentrorik handiena. 

Hori gutxi ez eta, euskal militanteei tortura metodorik latz eta gogorrenak egiten zizkieten psikopata horiek kondekoratuak izan dira, estatuek dominak eman dizkiete, bizi osorako soldatak…  

Giza eskubideen aldeko taldeak, Amnistia Internacional bezalako txotxongiloek, tribunalek eta antzekoek entzungor egin izan dute askotan euskal militanteen tortura kasuen aurrean. Eta zilegitasun zein inpunitate horrekin jokatu dute torturatzaileek.  

Esan beharra dago tortura mehatxu edo beldur ikaragarria izan dela militatu nahi duen ororentzat. Beldurra eta ikara sortzeko tresna edo mekanismo aparta. Eta, zoritxarrez, esan dezakegu askotan estatuek haien helburua (hein batean behintzat) lortu izan dutela: jendea beldurraren bidez geldirik mantentzea.  

Tortura jasateak dituen ondorioez ere hitz egin beharra dago. Torturak hainbat ondorio fisiko eta psikologiko uzten ditu eta ondorio horiek bizi osorako izaten dira.  

Bukatzeko, ezin ahaztu tortura eta gainontzeko zapalkuntzen aurka borroka egiteagatik kartzelan, deportazioan edo erbestean dauden militante politikoak. Gainera, aurretik esan bezala, ezin dugu ahantzi haietako asko eta askoren kartzela zigorrak torturen bidez lapurtutako testigantzetan oinarritzen direla. Tinkok bere elkartasuna eta babesa adierazten die modu batean edo bestean torturaren ondorioak pairatu dituzten pertsona guztiei, eta borroka egiteagatik zigorra betetzen ari diren guztientzako amnistia osoa eskatzen du.