Idatzi honen bidez jakinarazi nahi dut bihar, hilak 22, protesta sinboliko bat egingo dudala (24 orduko baraualdia), salaketa gisa, espetxe honetan, medikuaren aginduz nutrizio gehigarria (fruta,esnekiak…) jaso behar dugun presoekiko sortutako egoeragatik.
Giltzapetuta nagoen moduluan hogei bat preso izaten gara, egunero, kontsulta medikoan aldez aurretik agindutako nutrizio-gehigarriren bat jasotzen dugunak. 2023ko urtarriletik nago modulu honetan, eta, nire esperientziaren arabera, aipatutako gehigarriaren banaketa nahiko modu egokian egin da. Baina garai batetik hona, eta, nire iritziz, murrizketen politika baten barruan (hor bertan, kanpoan, langile klaseak pairatzen duen bezala) presoei banatzen zaien janari arrazionatuan kalitate eta kantitate murrizketa ikusten hasi gara, ziurrenik, espetxe honetan ematen den masifikazioak eraginda. Murrizketa horiek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak espetxe honetan ematen duen osasun laguntzarekin hasi ziren.
Sistema kapitalista horretatik eratorritako errealitate soziala ikusten ari gara, non, beste ondorio batzuen artean, langile klasearen proletarizazio prozesu bat gertatzen den…. eta pozik egon zaitezke zerbait ahora eraman ahal izateagatik. Nutrizio-gehigarriaren banaketari dagokionez (berriro diot, medikuaren aginduz zenbait presori dagokiguna), publikoki salatu behar dut espetxe honetan zerbitzua ematen duen sukaldeburua (Elikadura Saileko arduraduna). Duela hiru hilabete inguru, moduluko iragarki-taulan Elikadura Saileko orri bat jarri zen. Bertan, dietak eta gehigarriak zituzten presoei adierazten zitzaien kontsulta medikoan aginduta zeukaten bezala mantentzeko eskatzea.
Zergatik Elikadura Sailaren behar hori?!, nire ustez, horrekin lortu nahi dute gehigarri horietakoren bat jasotzen duten presoen kopurua murriztea, izan ere, baten bati ahaztu egin dakioke dagokion instantzia bideratzea, beste presoren bat ez da ohartuko Elikadura Sailak jarritako iragarkiaz, etab.
Nik dagokion eskaera bideratu nuen eta dieta mantendu zidaten, baina ez 2023ko otsailean kontsulta medikoan agindutako gehigarriak. Bidali nion beste eskabide bat Elikadura Sailari, nutrizio-gehigarria banatzeko alta emateko eskatuz. Erantzunik gabe eta denborak aurrera egin ahala, moduluko guardia bati eskatu nion sail horrekin harremanetan jartzeko, jaso behar dudan dietaren eta gehigarriaren mediku-preskripzioa egiaztatzen duen dokumentu medikoa entregatuz. Handik ordu batzuetara, guardiak esan zidan sukaldeko buruarekin hitz egin zuela eta dena konponduta zegoela. Baina egunak igaro ziren eta oraindik ez zen nire izena agertzen nutrizio gehigarria jaso behar dugun presoen zerrendan.
Handik beste denbora bat igaro ondoren, guardia berari eskatu nion berriz ere bitartekaritza egin zezan, arazoa non zegoen argitze aldera. Guardiak, arazoak bere horretan zirauelako harrituta, kartzelako sukalderaino joan zen berriro, eta telefonoz ere jarri zen harremanetan espetxe horretan lan egiten zuen mediku buruarekin, eta azken honek esan zion arduratuko zela arazoaz. Nola ez, egunak joan ziren eta denak berdin jarraitzen zuen.
Nik hainbat kexa jarri ditut mediku honen aurka, baina beste kide batzuek jarritako hamarnaka ere pilatzen ditu! Beraz, pentsatu nuen mendeku merkea izango zela, izaki miserableek egiten dutena, bata zuriko kartzelari hau bezala. Baina azken hilabete honetan, aipatutako gehigarriaren banaketa oro har gelditu zen. Preso zeuden hainbat kide kexatzen hasi ziren horregatik, eta sukaldeko buruaren aldetik iritsi zitzaien erantzuna zen ez zutela fruta ezta esneki nahikorik banatzeko, eta “pozik egon behar genuela”, ahal zenenan bai banatzen bait zen. Aipatu behar da banaketa bertan behera geratu zela aste batzuetan, eta, ondoren, modu erregularrean banatu zela berriro. Hori bai, nik mediku-kontsultan agindutako nutrizio-gehigarriaren banaketatik kanpo jarraitzen dut.
Abuztuaren 11n kontsulta medikoa pasatzeko eskatu nuen, eta abuztuaren 26an egin ahal izan nuen. Kontsulta medikoa egitera joaten den medikuari gehigarriekin gertatutako guztia azaltzen diot. Ulertzen du egoera, baina bere eskubide guztiarekin galdetzen dit ea zer uste dudan berak berriz lan bat berriro egin beharraz, jada eginda zegoenean (2023ko otsaileko gehigarri nutrizionalaren preskripzioari buruz ari da). Erantzun nion ulertzen nuela, baina, jakina, ez nintzela arazo horren eragilea.
Ez ditut ahazten tratu txarrak, torturak, heriotzak eta bidegabekeriak, horiek denak baitira espetxearen egiak hemen barruan giltzapetzen gaituztenentzat, gure senide eta hurbilekoei eraginez. Nik, azken urteotan espetxealdiari erreparatu diodanez, uste dut, betiko helburu bera (birgizarteratzerik ez: presoa deuseztatzea, otzana egitea, arima zatitu behar bazaio ere…) lortu nahian, beste tresna errepresibo batzuk sortu dituztela, eta horien artean handiena UTZIKERIA dela ikusten dut, espetxe-sistema deritzon horren ia erabateko utzikeria,
Inoiz, inoiz, INOIZ huts egiten ez duena “lasaigarriak” direlakoen medikazioa banatzea da, depresioak, antsietate koadroak… jasaten dituzten kide askorentzat beharrezkoa dena, partzialki deskribitzen dudan “bizitza” hori aurrera eraman ahal izateko; baina ez helburu horrekin bakarrik, baizik eta edozein protesta, indibiduala zein kolektiboa, deuseztatzeko helburuarekin, hor kanpoan gertatzen den bezala (kanpoan baliabide gehiagorekin!), sistema kapitalista honek antolaturiko menderatze eta zapalkuntza egoeratik eratorritako estatusa mantentzeko.
Bukatzeko, preso eta espetxeko langile guztiek (edo gehien gehienek) ezagutzen dugu guardia hori, presoei banatzen zaien janaria tupper-etan eramateko eragozpenik ez duena, eta, sukaldeko buruaren ezagutzarekin edo hura gabe, espetxeko sukaldea “bisitatzen” duena, hainbat elikagai eramanez, espetxe hontan giltzapetuta gaituzten presoen mantenurako elikagaiak.
Zer esan!? Bada, orain arte salatutakoa espetxeetan, edo espetxe honetan zehazki, gertatzen diren arbitrariotasunen beste adibide bat baino ez dela; gertatzen dena da, agian, ez dela inoiz argitara ateratzen merezi duen premia eta intentsitatearekin.
Militante politiko preso naizenetik, mendebaldeko gizarte kapitalista hauetan gertatzen diren arazo sozial desberdinak ikusten ditut, eta ikusten dudan irtenbide bakarra politikoki prestatzeko eta antolatzeko beharraz hitz egiten duena da, hain beharrezkoa den Iraultza Sozialistaren alde borrokatzeko.
Eskertuko nuke, idazki hau irakurrita, eduki hau zabaltzea, presoen eskubideen alde lan egiten duten sare sozialetan edo webguneetan, giltzapetuta mantentzen gaituzten baldintzen salaketa publikoan lan egiten dutenei, bai eta pertsonen oinarrizko eskubideak bermatzeko lan egiten dutela dioten erakunde eta/edo instituzioei ere (espetxean daudenak ere pertsonak dira!!)
Nire maitasuna eta indarra gaizki tratatutako langile klasearentzat, oro har, eta besarkada berezi bat politikoki formatzen diren eta etorkizun sozialistaren alde antolatzen diren horientzat. Guk eusten jarraituko dugu.
ESPETXEAK APURTU!!!
PATXI RUIZ ROMERO militante politiko presoa
– Iruñean, 2025eko irailean