2024-12-27

Gudari Eguna 2023

Irailaren 27 honetan 48 urte betetzen dira Francok bere azken fusilamenduak agindu zituenetik. Orduan Jon Paredes Manot “Txiki” eta Anjel Otaegi Etxeberria ETAko militanteak erail zituzten Euskal Herriarentzako independentzia eta sozialismoa irabazteko borroka egiteagatik. Beraiekin batera, Xosé Humberto Baena Alonso, José Luis Sanchez Bravo eta Ramón Garcia Sanz FRAPeko militanteak ere fusilatu zituzten komunismoaren alde aritzeagatik.

Fusilamendu hauek eta bi urtera Trantsizio izenez ezagututako prozesua hasi zuen Espainiako Estatuak. Itxuraz eta formetan dena aldatzen zenaren irudia eman nahi izan zuten, baina esentzian sistemaren zutabe guztiek bere horretan iraun dute gaur egunera arte: frankismo garaiko elite ekonomiko, politiko, polizial, militar eta juridiko berberek jarraitu zuten boterea edukitzen.

Horren ondorio dira ustezko demokrazian Espainiako Estatuak eragindako erailketa politikoak, aplikatutako tortura sistematikoak, Gobernu ezberdinek sortutako talde terrorista parapolizialak eta Euskal Herriko kaleak polizialki eta militarki okupatuta mantendu izana.

Horregatik 2023. urtean, oraindik ere torturapean lortutako deklarazioetan oinarrituta, dozenaka euskal preso politiko gelditzen dira espainiar eta frantziar kartzeletan. Horregatik Espainiako Barne Ministroa ehunka tortura babestu dituen epaile bat da. Horregatik prozesu judizialek, jazarpen eta infiltrazio polizialek, espiotza kasuek eta antolatze, biltze eta mobilizazio eskubideen aurkako erasoek ez dute etenik.

Biolentziaren bitartez ukatzen dizkiguten eskubide oinarrizkoen defentsan eta errepresioaren aurka antolatu beharra daukagu. Era berean militante politiko guztien defentsa egiteko amnistia osoa defendatzen jaraituko du Tinko antolakundeak. Amnistia osoa Estatuen errepresioa ez dugulako onartzen. Amnistia osoa gure eskubideen alde borroka egitea zilegi delako. Amnistia osoa zapalduta bizitzea ez dugulako onartzen.

Gure gogoan askatasunaren alde bizitza eman zuten borrokalari guztiak eta kartzeletan tinko mantentzen diren preso politikoak.