2024-11-09

Hispanitatearen eta basakeria kapitalistaren aurrean

Urriaren 12a dugu gaur, beste urtebetez, estatu espainiarreko klase politiko erreakzionarioenak, desfile militarren bidez, zibilizazioaren eta erlijio katolikoaren izenean sarraskitu edo esklabo bihurtu zituen ehunka herriren inposaketa, konkista, kolonizazioa, zapalkuntza eta sarraskia ospatzen du. Klase erreakzionario horrek frankismo garaitik agintzen du Espainian “trantsizio” garaitik aurrera saldu zen ezkerreko oposizio guztiaren babes eta bermearekin, sisteman integratuta dauden euskal zentro-eskuin zein ezkerreko alderdi, koalizio edo mugimendu politiko guztien babes, berme eta oniritziarekin batera.

Espainiar inperialismoaren inposaketa politiko, kultural eta militar horrek, beste herrien asmo demokratiko guztiak zapaltzeaz gain, bere herritar diren horientzat ere inposaketa suposatzen du. Gaur egun bere sustraietan frankismotik jasotako kultura zaharkitu eta herdoildua mantentzen duen estatu baten pean indarrez ezartzen zaion esplotazioa eta errepresioa pairatzen baitu Espainiako langile klaseak.

Hispanitatearen egunean, Euskal Herriak, Estatu espainiarraren zapalkuntza eta esplotaziopean jarraitzen duten beste herri anaia-arreba askorekin batera, lotura internazionalistarik zintzoenak estutu beharko lituzke. Beren azaletan errepresio gupidagabeena jasan duten edo pairatzen ari diren langile klaseko militante iraultzaile guztiak, eroriak, heroiak, nonahiko gudari eta borrokalariak zein gaur egun bahituta dauzkaten preso politiko guztiak, lehen planoan jarriko dituen borroka eguna izan behar da gaurkoa.

Egun hau amnistia osoaren aldeko borroka eguna bihur dezagun, zapalkuntza nazionalaren, esplotazio kapitalistaren, lege errepresiboen eta polizia eta okupazio indarren aurkakoa. Espainiako estatu inperialista historiaren zabortegira bidal dezagun.

Amaitzeko, borroka armaturik gabeko ziklo politiko berri honetan, biolentziaren monopolioa estatuek haien eskuetan izaten jarraitzen duten garaiotan, Espainiako Polizia Nazionala eta Guardia Zibila Euskal Herriko kaleetan indar erakustaldiak egiten ari dira, azken horiek gaur Gasteizen egingo duten desfile higuingarria kasu.

Kolore ezberdineko txakur zein militarrak, tortutatzaile eta hiltzaileak guztiak: espainiarrak, frantziarrak, NATOrenak zein tokian tokiko zipaioak, aske izan nahi duten herrien eta langile klasearen etsaiak dira. Gure betebeharra da, gaur eta beste behin ere, haiek seinalatzea eta eragiten duten errepresio bortitz horren aurrean elkartasuna antolatzea eta guztiok batera aurre egitea.

Euskal Herriak eta langileriak bizi behar dutelako, borrokatzea zilegi delako, hispanitatearen eta basakeria kapitalistaren aurrean: borroka da bide bakarra!