2024-12-03

EAEko kartzeletan bisita eskubidea urratzen ari dira

EAEko Gobernaren esku dauden kartzeletan hainbat pertsonari presoekin bisitak egitea galarazten ari zaizkie arrazoi ideologikoetan oinarrituta.

Esan bezala, hainbat dira bisitari moduan betatuko pertsonak, normalean inolako azalpenik gabe. Beste batzuetan bisitariek aurrekari penalak zituztela argudiatu dute, gezurra izanda ere.

Baina oraingoan eta konturatu gabe dokumentua preso politiko baten esku utzi dute. Bertan, gazteleraz idatzita irakur daiteke: “KONTRAKO ERABAKIA: zerbitzu honek jasotako informazioari jarraiki, XXXXXXX ildo ofizialaren aurkako taldeei lotuta dago, hauek konfrontazio estrategiaren aldekoak direlarik, eta eskaera egin duen presoarekin profil hau partekatzen du”.

Batetik salatu beharra dugu Euskal Herrian egonda ere, kartzelaren funtzioa gailentzen dena beti, eta hau presoak zigortzea eta isolatzea da. Kartzela bazterketa eta miseriaren ondorioz gizarte burgesaren parametroetan sartzen ez den oro kaletik ezabatzeko bitartekoa da. Zer esanik ez militante politikoei dagokienean, izan ere, horiekiko helburua zigor eredugarria ezartzea baita, izua zabalduz sistemari aurre egiten diotenen militantzia baldintzatu nahian.

Kartzela, inoren birgizarteratzea bilatzetik urrun, presoaren pertsonalitatea eta borondatea mendean hartzeko tresna da. Bere oinarri nagusiak obedientzia eta sumisioa dira, eta horretarako espetxearen opakotasuna baliatzen du, era horretan, praktika legalak eta legez kanpokoak uztartuz.

Kartzelak beste kartzela mota asko barnebiltzen ditu bere baitan, presoaren jarreraren arabera hori are gehiago zigortzeko baldin eta makurtzen ez bada, ala malgutasun handiagoz jokatzeko zigorra onartzen badu.

Bestetik, horrelako erabakiek agerian uzten dute militante politikoen aurkako jazarpenak jarraitzen duela eta gainera erabaki politiko baten ondorio dela.

Euskal Herrian ez ditugu bermatuta eskubide politiko oinarrizkoenak ere, hala nola biltze, antolatze, mobilizatze eta adierazpen askatasunerako eskubideak. Urteak dira Espainako Audientzia Nazionalean antolakunde ezberdinen inguruko txostenak biltzen ari direla polizia ezberdinen kolaborazioarekin, antolakunde hauen jarduera oztopatzeko eta baliteke legez kanpo uzteko helburuarekin.

Tinkok beste behin dei egiten du minimo batzuen inguruan errepresioaren aurkako harresi bat sortzeko. Gure askatasun politiko oinarrizkoenak ere kolokan daude.

Kalean zein kartzelan dauden militante politikoen defentsan, amnistia osoa!