2024-06-14

Preso Politikoen Nazioarteko eguna

Gaur apirilaren 17a da, Preso Politikoen Nazioarteko eguna.  Urtero legez, egun honetan euskal preso, iheslari, deportatu eta errefuxiatuak eta haien borroka goraipatu nahi ditugu aipamen berezia eginez etsaien xantaien eta damu zein kolaborazio eskaeren aurrean duintasuna ardatz hartuz haien militantzia iraultzailea mantendu eta tinko dauden euskal preso politikoei. 

Bestalde, egun berezi honi erreferentzia eginez eta internazionalismoaren bandera astinduz, munduko preso politiko iraultzaileak gogoan hartzeko eguna da gaurkoa, zapalkuntza guztien aurka borroka egin eta munduko txoko ezberdinetako ziega usteletan gatibu hartu dituzten militante iraultzaile guztiak, haien duintasuna eta haien borrokaren zilegitasuna goraipatzekoa. 

Haiek gatibu dauden artean gure esku dago haien borrokaren lekukoa hartu eta haientzako amnistia osoa aldarrikatzea. Amnistia osoak gudari guztien askatasun osoaz eta haien borrokaren aitortzaz gain haiek gudara bultzatutako zapalkuntzen amaiera dakarrelako ezinbestean, hau da, gure kasuan gure herriaren eta klasearen behin betiko askatasuna, hots, zapalkuntzarik gabeko Euskal Herri askea, eta, noski, gudarien borrokaren zilegitasuna eta merezitako aitortza. 

Batzuk sisteman guztiz integratuta eta asimilatuta badaude ere, azken urteetan hainbat pertsona eta mugimendu izan dira amnistia osoaren aldeko lanean engaiatu eta bere sugarra pizturik mantentzen dutenak. Estatu burgesen errepresioaren aurrean makurtu barik borrokan aurrera darraigu eta gure arteko harremanak estutu eta errepresioaren aurkako fronte amankomun bat sortzea izango da estatuei aurre egiteko arma eraginkorrena. Bide horretan aurkituko gaituzue, errepresioaren aurka eta amnistia osoaren alde! 

Gora munduko preso politikoak! Amnistia osoa!