2024-12-22

Borrokatzea zilegi delako, jo ta ke amnistia osoa lortu arte!

Beste urtebetez Durangoko Landako gunean batu gara amnistia osoa aldarrikatzeko. Ustezko garai berriak saltzen dizkiguten garai ilunotan, espainiar eta frantziar estatu zapaltzaileen espetxeek euskal preso politikoz josita jarraitzen dute. Espainiar estatuak dispertsio politika bertan behera utzi zuenetik euskal preso politiko gehienak espainiar estatuak gure lurrean dituen espetxeetan dituzte gatibu, baina, ondo dakigunez, espetxea espetxea da, Zaballan, Basaurin, Martutenen, Iruñean, Puerton edo Lyonen egon.

Euskal Herriko espetxeetan euskal preso politikoen aurkako etengabeko zapalkuntzak darrai. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoak bertoko espetxeak kudeatzeko kontzesioa lortu zuenetik, espainiarren morroi diren eta zipaio hutsak diren agintari edo politikariek lehengo salbuespen neurri berdinekin erantzun diete euskal presoei. Horren adibide garbi eta larrienetarikoa Eusko Jaurlaritzak sortu duen espetxe komisioa litzateke, euskal presoen senide eta urkoen zerrenda beltzak egin eta horiei haien militantzia edo pentsakera politikoarengatik bisitak ukatzen dizkien komisioa hain zuzen ere. Azken hau oinarri-oinarrizko eskubide urraketa da, presoek haien senide eta urkoekin komunikatzeko duten eskubidea urratzen delarik.

Horrez gain, azken hilabeteetan espetxeko baldintza kaskarrak direla eta Zaballako euskal presoek aurrera eraman duten borroka ere zapalkuntzak, eskubide urraketek eta salbuespen egoerak bere horretan dirauela adierazten duen beste adibide garbi bat da.

Bestalde, euskal preso, iheslari eta errefuxiatu politikoekiko elkartasunari eta amnistia osoaren aldarrikapenari eta borrokari dagokionez, ezin dezakegu aipatu gabe utzi Ibai Aginaga euskal preso politiko ohiaren ongi etorria antolatzeagatik epaituak izango diren euskal militanteak, horietatik bi gainera Tinkoko militanteak direlarik.

Estatuek haien indar eta errepresioa darabilte adierazpen iraultzaile oro zapaltzeko. Eraso horien aurrean altxatu, errepresioaren aurkako elkartasuna saretu eta borrokatzea dagokigu.

Amnistia osoaren aldarria eta euskal preso, iheslari eta errefuxiatu politikoekiko elkartasuna hauspotu behar dugu, “amnistia osoa” terminoak barnebiltzen duen zapalkuntza ororen amaiera, eta beraz, gudari guztien etxeratzea zein gure herri eta klasearen askatasun osoa lortzera bidean. Bide horretan bidelagun izango ditugu espetxeetan gatibu dauzkaten kideak.

Ez genuke bukatu nahi Palestinako herri langileari elkartasuna adierazi gabe. Eta batez ere bertako preso politikoak eta haien borroka goraipatu gabe.

Borrokatzea zilegi delako, jo ta ke amnistia osoa lortu arte!