Munduko preso politiko iraultzaileak gatibu dauden artean gure esku dago haien borrokaren lekukoa hartu eta haientzako amnistia osoa aldarrikatzea.
Gaur apirilaren 17a da, Preso Politikoen Nazioarteko eguna. Urtero legez, egun honetan euskal preso, iheslari, deportatu eta errefuxiatuak eta haien borroka goraipatu nahi ditugu, aipamen berezia eginez etsaien xantaien eta damu zein kolaborazio eskaeren aurrean duintasuna ardatz hartuz haien militantzia iraultzailea mantendu eta tinko dauden euskal preso politikoei.
Bestalde, egun berezi honi erreferentzia eginez eta internazionalismoaren bandera astinduz, munduko preso politiko iraultzaileak gogoan hartzeko eguna da gaurkoa, zapalkuntza guztien aurka borroka egin eta munduko txoko ezberdinetako ziega usteletan gatibu hartu dituzten militante iraultzaile guztiak, haien duintasuna eta haien borrokaren zilegitasuna goraipatzekoa.
Internazionalismoarekin jarraituz, ezin dugu Georges Ibrahim Abdallah libanoar militante komunista eta preso politikoa aipatu gabe utzi. 40 urtetik gorako espetxealdi luzearen ostean Frantziako estatuak askatu egingo zuela iragarri zuen iazko udazkenean, baina erabakia gutxienez ekainera atzeratzea erabaki du Parisko Auzitegiak.
Georges Ibrahim Abdallahrekin batera, Palestinar Erresistentziako kide diren preso politikoak gogoan ditugu eta orokorrean Palestinar herri osoa, jasaten ari den sarraski eta genozidioaren aurrean duintasunez eta etsaiaren aurrean borrokan tinko dabilelako.
Horrez gain, Turkiako sarraski espetxeetan dauden 10 preso politiko gose greban daude Turkiar estatu faxistaren espetxe politika krudelaren aurka. Bihoakie gure elkartasun eta babes osoa Euskal Herritik.
Munduko preso politiko iraultzaileak gatibu dauden artean gure esku dago haien borrokaren lekukoa hartu eta haientzako amnistia osoa aldarrikatzea. Amnistia osoak gudari guztien askatasun osoaz eta haien borrokaren aitortzaz gain haiek gudara bultzatutako zapalkuntzen amaiera dakarrelako ezinbestean, hau da, gure kasuan gure herriaren eta klasearen behin betiko askatasuna, hots, zapalkuntzarik gabeko Euskal Herri askea, eta, noski, gudarien borrokaren zilegitasuna eta merezitako aitortza.
Batzuk sisteman guztiz integratuta eta asimilatuta badaude ere, azken urteetan hainbat pertsona eta mugimendu izan dira amnistia osoaren aldeko lanean engaiatu eta bere sugarra pizturik mantentzen dutenak. Estatu burgesen errepresioaren aurrean makurtu barik borrokan aurrera darraigu eta gure arteko harremanak estutu eta errepresioaren aurkako fronte amankomun bat sortzea izango da estatuei aurre egiteko arma eraginkorrena. Bide horretan aurkituko gaituzue, errepresioaren aurka eta amnistia osoaren alde!
Gora munduko preso politikoak! Amnistia osoa!
