2024-11-10

Errotxapeako Gaztetxearen hustearen aurrean

Poliziaren erasoaldia, osasun arrazoietan oinarrituta egotetik urrun, klase borrokaren baitan kokatzen da argi eta garbi.

TINKOk, errepresioaren aurkako antolakundeak, elkartasuna adierazi nahi die Errotxapeako Gaztetxearen hustearen ondorioz atxilotutako, zauritutako eta jazarritako pertsona guztiei. Era berean, poliziaren jarrera salatu nahi dugu. Eta ez poliziaren gaurko jarrera bakarrik, baizik eta poliziaren izaera bera dela salatu nahi duguna.

Uda osoan zehar ikusi ahal izan dugu, Euskal Herriko leku ezberdinetan, kolore guztietako poliziak gazteriaren aurka oldartzen, hamarnaka atxilotu eta zauritu eragiten. Pandemia da aitzakia, baina langile klasea diziplinatzea eta makurraraztea da helburua.

Turismoak, esate baterako, jende pilaketa etengabeak sortu ditu Euskal Herriko hiriburuetan, baina burgesiak ez ditu behin ere bere txakurrak turistak jipoitzera bidali, izan ere, kontsumo eredua da zein pilaketa den onargarria (burgesiak sostengatutakoak) eta zein den gupidarik gabe jazarri beharrekoa (langile klasearenak) baldintzatzen duena. Negozioa egiteko futbol zelaietako edukiera handitzen duten bitartean, aire librean biltzea debekatzen dute.

Plentziako herria zipaioek hartuko dute gaurko arratsaldeko 5etatik aurrera jendeak kalean edan ez dezan. Horretarako kontrolak ezarriko dituzte bai errepideetan zein metro geltokian. Plentzia, Uribe Kosta eskualdeko udalerria. Eskualde horretan Bizkaiko fortuna handienetakoak dituzten hainbat esplotatzaile familien txaletak eta luxuzko etxeak daude. Ez ditugu poliziak haien etxeak inguratzen ikusiko bertan egiten dituzten alkoholez eta kokainaz “alaitutako” jaiak ekiditeko. Poliziaren erasoaldia, osasun arrazoietan oinarrituta egotetik urrun, klase borrokaren baitan kokatzen da argi eta garbi.

Beraz eta hasieran esan bezala, ez da soilik poliziaren jardun konkretu bat kritikatzen duguna, poliziaren funtzio historikoa bazik. Bere eginkizuna boteretsuen pribilegioak blindatzea da, eta hori argi ikusten da edozein lan gatazkan, etxegabetzeetan, espazioen kontrolean, edo sistemaren edozein esparru zalantzan jartzen duen aktibitate ororen aurka erakusten duten indarkerian eta herran.

Errotxapeako Gaztetxearen hustearen gaira bueltatuz, gaztetxeak eta kolektiboek okupatutako beste lokal eta eraikin batzuk, egoteko espazio soilak baino askoz gehiago dira. Antolatzeko espazioak dira, biltzeko, eztabaidatzeko, militantzia prestatzeko eta zapaltzen gaituen sistema honi aurre egiteko. Horregatik bidali dute gaur polizia gazteria jipoitzera.

TINKOk errepresioaren aurka indarrak batzeko deia luzatzen du berriz, eta bat egiten dugu gaur 20:00etan Errotxapeako Plaza Gorrian burutuko duten mobilizazioarekin.

TINKO

Errepresioaren aurka

Amnistiaren alde