
Urtero legez, aurten ere Durangoko Landako gunean batu gara amnistia osoa aldarrikatzeko. Beste urtebetez, argi eta ozen diogu ustezko garai berriak saltzen dizkiguten garai ilunotan, ezer ere ez dela aldatu, eta hori gutxi ez balitz, zenbait afera okertzen ari direla. Lehenik eta behin, oraindik orain espainiar eta frantziar estatu zapaltzaileen espetxeek euskal preso politikoz josita jarraitzen dute. Espainiar estatuak dispertsio politika bertan behera utzi zuenetik euskal preso politiko gehienak espainiar estatuak gure lurrean dituen espetxeetan dituzte gatibu, baina, ondo dakigunez, espetxea espetxea da, Zaballan, Basaurin, Martutenen, Iruñean, Puerton edo Lyonen egon. Euskal Herriko espetxeetan euskal preso politikoen aurkako etengabeko zapalkuntzak darrai. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoak bertoko espetxeak kudeatzeko kontzesioa lortu zuenetik, espainiarren morroi diren eta zipaio hutsak diren agintari edo politikariek lehengo salbuespen neurri berdinekin erantzun diete euskal presoei. Horren adibide garbi eta larrienetarikoa iaz ere aipatu genuen Eusko Jaurlaritzak sortu zuen espetxe komisioa litzateke. Komisio honek euskal presoen senide zein urkoen zerrenda beltzak egin eta horiei haien militantzia edo pentsakera politikoarengatik bisitak ukatzen dizkie. Azken hau oinarri-oinarrizko eskubide urraketa da, presoek haien senide eta urkoekin komunikatzeko duten eskubidea urratzen delarik. Horrez gain, azken hilabeteetan espetxeko osasun baldintza kaskarrak direla eta Patxi Ruiz “Kapota” euskal preso politikoak iragan urrian egindako salaketa eta borrokaldia aipatu behar ditugu. Patxik, Nafarroa Garaiko Gobernu zipaioak kudeatzen duen Osasunbidea erakundearen partetik Iruñeko presoek jasaten duten mediku arreta negargarria salatu zuen. Hainbat egunez medikuak artatua izateko eskatzen ibili eta erantzunik ez zuela ikusita, urriaren 12an bere besoan autolesioak egin zituen protesta gisa. Guzti honek, Euskal Herriko espetxeetan eskubide urraketek eta salbuespen egoerak bere horretan dirauela berresten digute. Bestalde, Jesus Mari Etxeberria Garaikoetxea “Goierri” euskal preso politikoak EPPK utzi zuen pasa den hilabetean eta erabaki hori hartzera eroandako arrazoiak ohar baten bidez azaldu zituen. Aspaldi esan genuen bezala, ideia iraultzaileetan tinko mantendu eta duintasunaren bidea hartu duten euskal preso politikoak geure eredu dira eta ez ditugu inoiz ere bakarrik lagako. Goierriren zintzotasuna biziki eskertzen dugu, mila esker eta aurrera bolie! Saltzen diguten bake garaiotan, estatuek haien indar eta errepresioa darabilte adierazpen iraultzaile oro zapaltzeko. Eraso horien aurrean altxatu, errepresioaren aurkako elkartasuna saretu eta borrokatzea dagokigu guri. Amnistia osoaren aldarria eta euskal preso, iheslari eta errefuxiatu politikoekiko elkartasuna hauspotu behar ditugu, “amnistia osoa” terminoak barnebiltzen duen zapalkuntza ororen amaiera, eta beraz, gudari guztien etxeratzea zein gure herri eta klasearen askatasun osoa lortzera bidean. Bide horretan bidelagun izango ditugu espetxeetan gatibu dauzkaten kideak. Ez genuke bukatu nahi Palestinako herri langileari eta bertako erresistentziari elkartasuna adierazi gabe, su-eten faltsu baten aitzakipean sionisten oldarraldi koloniala aurrera baitoa egunez egun. Amaitzeko, bertako preso politikoak eta haien borroka ere goraipatu nahi ditugu.
Borrokatzea zilegi delako, jo ta ke amnistia osoa lortu arte!


