2024-04-30

Bi gazteren atxiloketaren aurrean

Zipaioek Ander Izagirre eta Aroa Egia atxilotu dituzte gaur Lekeition eta, zabaltzen ari diren informazioen arabera, dagoeneko kartzelan dagoen hirugarren pertsona bat ere auziperatuta egongo litzateke. Beste behin ere, PNVren polizia politikoa, burgesiaren polizia, bortxaz sartu da bi euskal gazteren etxean, Audientzia Nazional espainolarekin elkarlanean militante hauek bahitu eta euren bizitzak izorratzeko asmoz.

Patxi Ruiz Txantreako preso politikoarekin elkartasunean kutxazain bat erretzea leporatzen diete. Gogoratu behar dugu Patxi Ruizek gose eta egarri greba gogorra burutu zuela iazko maiatzean, Murtzia II-ko kartzelaren partetik pairatzen ari zen erasoak salatzeko.

TINKOk bere elkartasuna eta babesa erakutsi nahi die atxilotuei. Gainera azpimarratu nahi dugu babes hau ez dagoela haien ustezko “erruduntasunak” edo “errugabetasunak” baldintzatuta, ezta biolentziaren inguruko eztabaida faltsuek baldintzatuta ere. Biolentzia estrukturala da guztien artean lehena, eta Patxi Ruizen aurkako erasoak dira, kasu honetan argiki, atxiloketa hauen oinarrian daudenak.

TINKO antolakundearen agerpena bi egun barrurako aurreikusita genuen, baina egoerak bultzatuta gaurrera aurreratu behar izan dugu. Polizia operazio honek gure antolakundearen jaiotzaren beharra eta printzipioak indartzen ditu: errepresioaren inguruan egiten dugun irakurketa kasu bakoitza era isolatuan salatzetik haratago doa, kasu horietako bakoitzak egoera errepresibo orokor bati erantzuten baitio.

AMNISTIA OSOAren aldarrikapena da aipatutako errepresioaren ikuspuntu orokor hori eskaintzen duena, baita errepresio horri kontrajartzen zaion aterabide politikoa. Amnistia osoak errepresaliatu politiko guztien askatasuna barnebiltzen du inolako bazterketarik gabe, baita errepresioaren oinarrian dauden arrazoien gainditzea ere, hala nola, zapalkuntza nazionala eta soziala.

TINKOk errepresioari aurre egiteko beharrezkoak diren bitartekoak sortzeko xedea du. Errepresio kasuen aurrean antolatzeko baliogarriak diren erremintak sortzea beharrezkoa ikusten dugu, militantzia esparru ezberdinetan aritzeagatik errepresioa pairatzen dutenen babeserako elkartasun-sare eraginkorrak sortuko dituena. Horretan indarra jartzeko gure konpromisoa adierazten dugu eta euskal langileriari burgesiaren eta estatu inperialisten erasoen aurrean bere burua babesteko deia egiten diogu.

ANDER ETA AROA ASKATU!

Euskal Herria, 2021eko ekainaren 23a.