2024-12-03

Ibai Aginaga euskal preso politikoak gose grebari ekin dio Basauriko kartzelan

Ostiralera arte mantenduko du protesta konfinatzen dituztela eta konfinamendu horretan ezartzen dizkieten baldintzak salatzeko.

Idazki honen bidez Ibai Aginaga Berangoko preso politikoak atzo gose grebari ekin ziola jakinarazi nahi dugu. Protesta hau datorren ostiral arratsaldera arte mantenduko du, hain zuzen ere konfinamendutik ateratzen duten arte.

Basauriko kartzelan dago Ibai eta, larunbatean zegokion aurrez-aurreko bisita bukatu eta gero, beste bi presorekin batera konfinatu dute ziega batean Covid-19aren aitzakiapean. Konfinatzeaz gain, konfinatzeko erabiltzen dituzten ziegetan ez dago kalefakziorik eta gainera alde horretan eguzkiak ez du jotzen, era ondorioz hotza pasatzen ari dira. Patiora 15 minutuz baino ez dituzte ateratzen eta gainontzekoa ziegan itxita pasatzen ari dira.

Gogora ekarri behar dugu bi aste baino gutxiago direla Martutene, Zaballa eta Basauriko kartzelen kudeaketa Gasteizko Gobernuaren eskuetara pasatu dela eta, Covidarekin ezarrita daukaten protokoloaren arabera, intzidentzia tasa 100etik behera dagoenean ez lituzketela konfinatu beharko aurrez-aurrekoak egin eta gero.

Pandemia hasi zenetik etengabeak izan dira presoen eskubideen murrizketak. Kalean gertatzen denaren isla izaten da kartzelan gertatzen dena, baina beti era gordinagoan oraindik. Neurri ezberdinak aplikatu dizkiete presoei hasieratik, tarteka bisitarik gabe utziz, haien aktibitate guztiak bertan behera utziz eta, paradoxikoki, osasunaren izenean, medikuen partetik jaso behar zuten arreta murriztu dute.

Kartzelak sistemaren miseriak ezkutatzeko tokiak dira, handik kanpotik daudenentzat barruan zer dagoen ikusteko opakoak, eta ondorioz presoen eskubideak, bai legalki zein legalitatetik kanpo, etengabe urratzeko leku aproposak.

Azken egunetan PNVren Gobernuaren ordezkariak egon dira kartzelak bisitatzen telebistak lagunduta, zulo horien ontasun guztiak azaltzen, beraiek ikuspegi humanoagoa emango dietelakoan. Baina kartzela sistema honetara moldatzen ez diren guztiak diziplinatzeko zulo hiltzailea baino ez da, eta hauen kudeatzaileak haien klase interesak eta pribilegioak bermatzeko arma gisa erabiltzen dituzte.

TINKOk bere elkartasuna adierazi nahi die Ibairi eta bere familiari, baita denon eskubideen alde burutzen ari den protesta honegatik eskerrak ematea ere.