2024-11-23

CEIVAR Galizako errepresioaren aurkako antolakundeak TINKO elkarrizketatuko du

Zein da errepresioaren aurkako euskal mugimenduaren egoera? Ze testuingurutan jaiotzen da Tinko?

Tinko jaiotzen da testuinguru batean zeinean, batetik eta borrokari dagokionez, Euskal Herrian borroka armatuak existitzeari utzi dion hamarkadatik atera garen. Bestetik eta denboran bat egiten, hamarkada bat baino gehiago daramagu haien pribilegioak mantentzeko boteretsuak birkokatzera bultzatzen dituen kapitalismoaren krisia pairatzen, eta birkokapen hori beti egiten duten eran egiten ari dira, biolentziaren bidez alegia.

Beraz, batetik herriaren gehiengoaren proletarizazioan eta pobretzean oinarritzen den langile klasearen aurkako ofentsiba baten baitan gaude, eta bestetik inoiz etenik izan ez duen nazio-asimilazio prozesu batean, espainiar eta frantziar Estatuek bultzatuta.

Horrelako testuinguru batean esan dezakegu borroka fase bat hiltzen dela, baina beste batzuk jaiotzen doazela, heldutasunera ailegatzeko oraindik denbora falta baldin bazaie ere, bestetik logikoa dena edozein prozesutan. Estatuek euren errepresio indarra moldatzen dute matxinatzen diren erresistentzia mailara, eta Euskal Herrian egin dute, baina horrek ez du esan nahi estatuen izaera errepresiboan erroko aldaketarik edo aldaketa estrukturalik egon denik.

Militante aurkako jazarpen politikoa ez da inoiz geratu, ikusi dugun bezala jarraitu egin du: atxiloketak, kartzelatzeak, jarraipenak eta espioitza, manifestariei jipoiak, bilera politikoak gauzatzeko de factoko debekuak, gaztetxeei erasoak, poliziarekin kolaboratzeko proposamenak militanteen kontrako jazarpena etetearen truke…

Gure ustez, maila guztietan aldatzen bada egoera, errepresioaren aurkako borrokak ere aldatu behar du efektiboa izateko. Amnistia osoaren aldarrikapenak izan behar du gakoa errepresioaren aurkako indarrak batzeko, hau baita aukera bakar gisa zapalkuntza mota guztiekin, eta ez soilik errepresioarekin, amaitzea proposatzen duen proiektu bakarra.

Horregatik aldarrikapen honek pikete batean isun bat jasotzen duen horretatik kartzela zigorraz ordaintzen ari denera arte bildu behar du bere baitan. Kartzelan sartzen gaituen etsaia berbera delako, eta pertsona hauek guztiek errepresioa pairatzen dutelako oinarrizko eskubideen alde borroka egiteagatik.

Zuen aurkezpen agirian errepresioaren aurkako sare bat sortzeari buruz hitz egiten duzue. Zertan datza sare hau?

Errepresioa ikusgai egiteko lagungarria izango den lanabes bat sortzean datza sarea, bere ondorioak arintzeko eta honi era kolektiboan, eta ez indibidualean, erantzuten lagunduko duena. Kasu bakoitzaren partikulartasunak salatu beharra dago, baina kasu horietako bakoitza osotasun baten parte delaren kontzientzia sortu behar dugu, hau da, kasu bakoitza gure herria eta gure klasea zapaltzen duten estatuen superegitura juridiko, politiko eta ideologikoaren parte dela azaldu behar dugu. “Edozeini eragin diezaioke” dioen esaldia egia delako soilik erdizka, errepresioa disidentzia zapaltzeko ongi planifikatutako erreminta delako, nahiz eta horretarako edonor aurretik eramatea axola ez zaion.

Horregatik errepresioaren aurkako sarearen proposamenak parte hartze zabaleko izaera izango du, inor kanpoan gelditu ez dadin, baina baita bertan parte hartzen duen edo bere laguntza jasotzen duen guztiek bete behar dituzten puntu minimo batzuk ere. Militante gisa erreprimitzen bagaituzte, militante gisa erantzun behar dugu. Minimo horiek honakoak lirateke: amnistia osoaren aldarrikapena, sarea elikatzea beste errepresio kasu batzuen aurrean indartzeko, kolektiboa indibidualaren gainetik jartzea, eta antolatzeko, manifestaziorako, biltzeko eta adierazpen askatasunerako eskubideei heldu izanari uko ez egitea.

Zein da euskal preso politikoen egoera?

Lehenengo gradutik bigarrenera pasatzen joan dira, eta dagoeneko ez da euskal preso politikorik gelditzen isolamendu galerietan. Handitzeari utzi ez diotenak haietako batzuen kondenak izan dira. Urrunketa, oraindik existitzen dena, lehen baino txikiagoa izatea aringarria da familientzat, baina kartzelak hori izaten jarraitzen du: exijitutako otzantasun parametroetara moldatzen ez den jendea bertan botatzeko sistemak sortutako zuloa da. Hortxe sartzen dira, noski, militante politikoak.

Kartzeletan gehiegikeriak etengabeak dira, mehatxuak ere bai. Eta hori preso politikoei zuzenduta ez doanean ere, kartzelako bizitza tentsio, oinperatze eta arbitrariotasun klima etengabean igarotzen da. Egunero hamarnaka preso sozial jipoitzen eta torturatzen dituztelako frantziar eta espainiar kartzeletan.

Gainera, espainiar kartzeletan dauden euskal preso guztiak FIES (Jarraipen Berezia duten Presoen Fitxategiak) gisa sailkatuta jarraitzen dute. Frantzian DPS (Bereziki Seinalatutako Presoa) estatusa mantentzen diete haietako lauri. Honek guztiak sailtzen du eskubideei heltzea, kasu batzuetan ospitalera irtetea bezalako hain kasu oinarrizkoak.

Eta hasieran genion bezala, kondenak ez dira eten eta 40 urteko kartzela zigorrak bete behar dituzten militanteak daude. Espainiar Estatua orain arte ez da onartzen ari ere Frantzian bete dutenen zigorren metatzea, eta ondorioz kasu batzuetan zigorra birritan betetzen ari dira.

Espainiar Estatuaren apustu nagusia jendea desmobilizatzea eta preso politikoei kondenak osotasunean betearaztea dela deritzogu. Hurbilago, bigarren graduan eta zigor murrizketa batzuekin kartzelan lan egitea eta espetxe-legedia onartzea zein euren militantziaz arnegatzea erabakitzen dutenentzat.

Azkenik, eta kartzela zer den argitzeko, gogorarazi nahi dugu ireki zutenetik Zaballan izandako presoen heriotzen kopurua altua dela, edo Igor Gonzalez Solaren heriotza Martutenen gertatu zela. Igor gaixorik zegoen eta kartzelak, beharrezkoak ziren neurriak hartu beharrean, esate baterako Espetxe Zaintzarako Epaitegi Zentralera txostenak bidaltzea, bere heriotza ekidin zitzaketen protokoloak aplikatzeari utzi zioten. Hauxe da kartzela: instituzio biolentoa, hiltzailea, opakoa eta preso daudenak babesgabe uzten dituena edozein gehiegikeriaren aurrean.

Zer deritzozue Espainiar Estatuan burutzen ari diren euskal preso politikoen Euskal Herrirako hurbilketei buruz?

Edozein hobekuntza bizi baldintzetan positiboa da beti. Historikoki, kartzeletan, amnistiaren aldarrikapenari bizi baldintza duinagoen aldeko borrokak batu zaizkio, kartzela barruko bizitzaren inguruko alderdi ezberdinak bildu dituztenak. Kartzeletan eskubideak lortzen direnean, esan daiteke hainbeste itopen eta hainbeste basakeriari aurre egiteko oxigeno guneak sortzen direla, izan ere zerbait nabarmentzen bada kartzelan, hor barruan ia harreman guztiak biolentzian eta boterean oinarritzen direla da, kartzelariek burutzen dutenetik haien jaiotzatik sistemak bortizki tratatu dituen hainbeste pertsona hain metro gutxitan elkartzetik sortzen deneraino. Horrenbestez, bizi baldintzetan ematen den edozein hobekuntza positiboa da.

Orain aztertu behar dugu hurbilketa hauen testuingurua, bestetik herri aldarria izan dena 90eko hamarkadatik, “Euskal Presoak Euskal Herria” leloa errotu zenean alegia. Sakabanaketa politika ETAren barne tentsioak areagotzeko helburuarekin jarri zuten martxan, huts egin zutelarik, kasu eskas batzuetan izan ezik. Sakabanaketaren sortzaileentzat, PNV eta PSOE izan zirela, neurri hau zama astuna bihurtua bazen ETAren borroka armatuaren azkenengo urteetan, antolakundea desagertu eta gero, dispertsioa arazoa bihurtzen da sortu zutenentzat ere.

PSOE, Pedro Sanchezen eskutik, Espainiako Gobernura itzuli zenetik, sakabanaketa politikaren bukaera diseinatu zuen eta bere pitinkako bukaera zatitu zuen, presoen profilaren arabera zenbat kilometrotara hurbiltzen joango ziren marraztuz.

Zalantzarik ez dugu prozesu hori edozein kasutan gertatuko zela. Beste batzuek defendatuko dute EH Bilduk Espainiako Gobernuari emandako babesak ahalbidetu duela, eta PNVk esango du beraiek egon direla kudeatzen, baina gure aburuz honek, gehienez, prozesua azkartu du, baina ez da erabakigarria izan.

Era horretan bai PSOE zein PNV eta EH Bildu indartuta ateratzen dira politika instituzionala den antzezlan horretatik. Batzuk presoen eskubideen bermatzaile gisa, eta beste batzuk lehenago matxinatuak zirenen asimilazio politikaren bermatzaile moduan.

Presoei egin dizkieten exijentziak zeintzuk izan diren aztertzea besterik ez zaigu falta, espetxe-legedia idatziz onartzen ez zuena ez zutela hurbilduko esatearen punturaino. Ikusi dugu ez dela horrela izan, zeukaten jarreraren araberako militanteen sailkapena egiteko balio izan duen arren. Azken honek zehaztu du isolamenduetatik irteteko ordena, baita kartzeletako lekualdatzeen epeak eta haietako zeinetara eraman dituzten ere. Hala ere sakabanaketak jarraitzen du, Topas, Estremera edo Dueñas, adibidez, dispertsioa izaten jarraitzen duelako. Edo Frantziako Estatuak emakumeak ehunka kilometrotara mantentzen jarraitzea hurbilago emakumeentzako dibisioak duten kartzelarik ez dagoela aitzakia hartuta. Horrek borondate falta argia erakusten du, kasu honetan Frantziako Estatuaren partetik, inplikatutako alderdia ere badena.

Bukatzeko, prozesu honek eragin du hamarnaka militantek euren militantziaz arnegatzen duten dokumentuak sinatu izana. Prozesuak erakarri du ere kasu askotan kartzelaren mantentze funtziotan hasi izana, edota kartzela kanpoko enpresentzat lan egitea, presoei hilean 400 euro ordaintzen dizkietenak astelehenetik ostiralera patioa ezin dutenak zapaldu semi-esklabutza baldintzetan egonik, miseriazko soldata baten truke. Kontuzko gaia da Euskal Herrian, baina datu objektiboak dira. Kartzelak sistema kapitalistan betetzen duen paperaz aritu gintezke, eta enpresa jakin batzuentzat den negozioa, baina luzerako emango luke.

2020ko azaroan Ertzaintzak amnistiaren aldeko bi militante atxilotu zituen, Fito eta Valentina, egun batzuk beranduago kartzelan sartu zituztenal Audientzia Nazionalaren aginduz. Nola dago haien prozesu judiziala? (Elkarrizketa egiteko unean oraindik preso jarraitzen zuten)

Lehenik eta behin argi utzi nahi dugu ez garela ez Fito ez Valentinaren bozeramaile, baina badaukagu harremana haien senideekin baita beste preso batzuenekin ere.

Prozesua sekretupean dago, eta gainera, Lekeition beste bi pertsonaren aurka burututako atxiloketak eta gero, badirudi dagoeneko preso dagoenetako bat inputatu zezaketela berriz.

Atxiloketa eta espetxeratze hauek frogatzen dute gure eskubideekiko errespetuan oinarritutako benetako bakea lortu ezean, kartzelek jendea irensten jarrai dezaketela. Horregatik amnistia osoa aldarrikatzen dugu zentzu erabat politikoan. Honek bildu behar du, militante guztien askatasunaz gain, borrokara bultzatu zituzten arrazoien konponketa ere.

Fito eta Valentinaren prozesu judizialari buruzko galderarekin bukatzeko, sekretupean dagoen arren bai filtratu dute ATA deitzen duten konglomeratu bat egiten saiatzen ari direla, eta horretara lotzen dituzte antolakunde ezberdinak, euren artean lotura organikorik ez daukatenak eta kasu askotan desadostasun ideologiko handiak mantentzen dituztenak. Baina lehen esan dugun bezala, errepresioa egoeraren arabera moldatzen da eta orain espazio politiko berri baten aurkako errepresioa prestatzeko ordua heldu zaie.

Eskubide eta askatasunen murrizketa gero eta nabarmenagoa da Espainiar Estatuan. Nola baloratzen duzue “historiako gobernu progresistenaren” bi urte hauek maila antierrepresiboan?

Errepresioak handitzen eta hedatzen jarraitzen du. Era guztietako herri mobilizazioak erreprimitzen ari dira (solidarioak, antifaxistak, etxegabetzeen kontrakoak, ekologistak…), langile mobilizazioak eta borroka sindikalak eta, oro har, disidentzia politikoa.

Euskal langile klaseak espainiar eta frantziar Estatuen partetik pairatzen duen zapalkuntza nazionala eta soziala ukaezina den errealitatea da. Borroka armatuaren amaierak ez du aurrerapausorik ekarri nazio auziari dagokionez, eta are gutxiago klase auziari dagokionez. Bestalde, euskal instituzioek, arazo larriei aurre egin beharrean, alderantzizkoa ekarri dute, Euskal Herriko eskubide eta askatasunen aldeko borrokan atzerakada. Halaber, ez du aldaketa esanguratsurik ekarri ustezko ezker instituzionala Espainiako Gobernura iristeak (alderdi erreformisten eta euskal nazionalisten laguntzarekin). “Historiako gobernu aurrerakoienarekin” ere ez zaie atsedenik eman langile klaseari eta gainerako herri sektoreei; lan erreforma eta mozal legea ez dira indargabetu eta, are gutxiago, alderdien legea edo terrorismoaren aurkako legea. Erreformisten promesa guztiak ahanzturan erori dira.

Atxiloketak eta kartzelatzeak, poliziaren muntaiak, isunak, etxe kaleratzeak, lan kaleratzeak eta abar ez dira sekula geldiarazi, aitzitik, areagotu egin dira. Kapitalismoak pairatzen duen krisiak eta, aldi berean, osasun krisiarengatik sakondu denak, are gehiago larriagotuko ditu klaseen arteko kontraesanak eta horrek guztiak estatuen autoritarismoaren eta errepresioaren igoera dakar.

Esandako guztia baieztatzeko hainbat adibide daukagu. Ustezko “historiako Gobernu progresistena” ailegatu zenetik Patxi Ruiz eta Txikito preso politikoek burututako gose grebak izan ditugu, Fito eta Valentina bahitu dituzte eta beste hainbat atxilotu, isundu eta jipoitu dituzte. Pablo hasel ere espetxeratu dute eta gogor erreprimitu zituzten Estatu osoan zehar bere askatasuna zein gainontzeko preso politikoena exijitzen zituzten protestak.

Bestetik, etengabe ikusten ari gara zelan izaera laborala duten protesta mordo erreprimitzen duten, hala nola Tubacex, Petronor, ITP edo Bilboko Autodefentsa Sarea, zeinetan ez Estatuak zein Euskal Herriko zati bat kontrolatzen duen PNVren Gobernuak ez duten zalantza izpirik erakusten kaleak militarizatzeko eta haien lan eskubideen alde kontsekuenteki borroka egiten duten langileak bortizki erreprimitzeko. Hau da, “historiako Gobernurik progresistenak” ez dauka inolako zalantzarik patronalaren alde kokatzeko. Baina zer espero dezakegu Fernando Grande-Marlaska epaile ohi eta torturatzailea Barne Ministro duen Gobernu bati buruz?

Argi eduki behar dugu errepresioa ez dela uneko gobernuaren araberakoa. Honen arabera ñabardura batzuk aldatu ahal izango dira, erreforma batzuk, baina arazoaren sustraiak hor egoten jarraituko du kapitalismoarekin bukatzen ez den bitartean eta faxismo garratz eta atzerakoienarekin inoiz apurtu ez zuen estatu honen oinarriak deuseztatzen ez diren bitartean. Apurketa ala erreformaren aldarte berean segitzen dugu.