2024-04-23

Ibai Aginagak gose (eta egarri) greba bukatutzat eman du

Kartzelako Zuzendaritzak isolamendutik atera du.

Ibai Aginaga Berangoko preso politikoak bertan behera utzi du larunbatean abiatutako gose greba (gaur jakinarazi du egarri greba ere burutzen ari zela), kartzelak isolamendutik atera eta gero (Ikusi hemen informazioa).

Ibairi PCR test bat egin diote eta, negatiboa eman eta gero, ezarritako konfinamendutik atera dute, ez ordea berarekin batera konfinatutako beste bi presoak. Horretaz aparte, Zerbitzu Burua preso politikoarengana joan da eta “preso aldarrikatzailea” dela badakiela esan dio, eta lasai egoteko, “gauzak hoberantz aldatzen ari direla”.

Ibaik familiari adierazitakoaren arabera, argi dauka kartzelako Zuzendaritzak berarekiko izan duen jarrera aldaketa arazoa kalean argitara ematearen ondorio izan dela, eta eskerrak adierazi nahi diela horretarako zarata egiten ibili direnei.

Bere egoera publiko egin izanaz gain, azpimarratu beharra dago Ibairen amak Araratekoari afera honetan esku hartzeko eskaera egin diola gaur goizean bertan. Beraz, beste behin ere agerian gelditzen da kartzelako opakotasunak presoen eskubideen urraketa errazten duela. Aitzitik, euren egoera salatzea eta borroka egitea presoak babesteko lanabesik eraginkorrena da. Errepresioaren aurrean tinko! Amnistia osoa!