2024-10-15

Poliziaren oldarraldiaren aurrean

Poliziaren azken egunetako erasoen arrazoiak ez dauka zerikusirik osasun irizpideekin. Azken egunetako erasoek kalearen gaineko kontrol polizialarekin harreman zuzena daukate.

Polizia gazteriaren aurka azkenengo egunetan Euskal Herriko txoko ezberdinetan burutzen ari den erasoen aurrean, TINKO errepresioaren aurkako antolakundeak honako hausnarketak egin nahi ditu:

  1. Covid-19aren aitzakiapean kolore ezberdinetako poliziak jendearen aurka gauzatzen ari diren oldarraldiak irmotasunez salatzen ditugu. Komunikabideen jarrera ere salatzen dugu, albisteak baino, poliziaren bertsioa hedatzea izaten ari baita euren jarrera. Beraz, ez dute xede informatzea, poliziaren biolentzia justifikatzea baizik.

2. Asialdi ereduari dagokionez, jazarria izaten ari den bakarra kontsumoan oinarritzen ez dena da: tabernetan pilatu eta mozkortu daiteke, baina ezin da kalean edan, pilatuta egon ez arren; etekin ekonomikoak ateratzeko jarduera kulturalak antolatu daitezke eta sarrera kobratu, baina ezin da herri-kultura sustatu; aberatsak euren txaletetan mozkortu eta drogatzeko bildu daitezke, baina militante politikoak bileretan batu direnean polizia agertu izan da… Hau da, diru nahikorik ez daukanari asialdiaz gozatzea debekatzen diote praktikan, instituziotatik kanpoko jarduera politikoa oztopatzen duten bezala.

3. Pandemia hasi zenetik urratuak izan diren eskubideen zerrenda luzea da. Biltzeko eskubidea praktikan debekatzeaz eta manifestatzeko eskubidea mugatzeaz gain, langile klasearen eskubideak etengabe zapalduak izan dira burgesiaren mesedetan. Lan baldintzak gero eta kaxkarragoak dira: oinarrizko kontsumo-ondasunak gero eta garestiagoak dira, soldatek, kasurik onenenean, bere horretan dirauten bitartean.

4. Aurreko arrazoiak direla-eta, langile klasearen pobretzea gero eta ageriagoa da. Horren aurrean burgesia bere mertzenario armatuez baliatzen ari da jendea diziplinatzeko. Poliziaren azken egunetako erasoen arrazoiak ez dauka zerikusirik osasun irizpideekin. Ze osasun irizpide izan daiteke gosea hedatzea, osasun-sistema etengabe kaskartzea, diru-sarrerarik ez daukana etxegabetzea edota ahulenak alkoholismora, drogazaletasunera edota suizidiora bultzatzea? Azken egunetako erasoek kalearen gaineko kontrol polizialarekin harreman zuzena daukate.

5. Gaur, beti bezala, antolatzea eta borrokatzea besterik ez zaigu gelditzen, eta horrek errepresioaren aurkako borroka ere barnebiltzen du. Jo eta ke irabazi arte!