2024-03-19

Dani Pastor gose greban. Abenduak 4 elkarretaratzea.

Duela gutxi jakin dugu Daniel Pastor Alonso euskal preso politikoak gose greba hasi duela abenduaren 1etik Zuerako espetxean, bizitzen ari den egoera dela eta.

Dani isolamendu egoera bat bizitzen ari da, espetxeko zabarkeria hutsagatik denboran luzatzen ari dena. COVID-19an positibo eman eta modulutik lekualdatu eta konfinatu ondoren, hainbat asteren ondoren odoleko karga birikoa neurtzeko analisi bat egingo diotela jakinarazi diote. Zoritxarrez, egunak aurrera doaz, eta isolatuta edukitzeaz gain, zimitzez kutsatutako ziega bat eman diote. Desinfekzioa burutu den arren, Dani biluzik atera zuten izara batekin estalita ziega desinfektatzen zuten bitartean. Horrez gain, Danik irainak eta mehatxuak jasan ditu kartzeleroen aldetik prozesu honetan guztian, eta gaur egun isolamenduan jarraitzen du, bere objektu pertsonalik gabe.

Gertaera horien guztien ondorioz, gose grebari ekin behar izan dio Dani, hau guztia salatu eta bere egoeratik ateratzeko. Ez dugu ahaztu behar Dani euskal preso politiko komunista dela, bere borrokan beti tinko mantendu dena eta duintasunaren eta koherentziaren eredua da.

Tinkotik gure babes zintzoena eman nahi diegu Daniri eta bere gertukoei, eta aldi berean, espetxean bahituta dauden preso politikoek gaur egun bizi duten egoera salatu nahi dugu. Zoritxarrez, “inoiz izan den gobernu aurrerakoiena” iritsi zenetik, ez da bizi dugun lehenengo gose greba. Gobernuak errepresioa modu guztietan gauzatzen eta hedatzen jarraitzen du, eta gobernu hori, aldi berean, parlamentuko ezker erreformistak eta klaudikatzaileak babesten eta sostengatzen du. Borroka demokratikoaz, bakeaz eta adiskidetzeaz ahoa betetzen duen ezker hau etsaiaren aurrean amore eman eta egungo esplotazio eta zapalkuntza sistema sendotzea besterik ez da egiten ari. Benetan eraiki behar al ditugu zubiak esplotatzen, atxilotzen, erailtzen, jipoitzen eta herri gisa zapaltzen gaituen burgesiarekin bizikidetza demokratikoa lortzeko? Etsaiaren aurrean lubakiak altxatzeko garaia da, eta horretarako, tresnarik onena antolakuntza hedatzea da. Errepresioaren aurkako borroka antolatu behar dugu, amnistia osoaren bandera tinko altxatu, elkartasuna zabaldu eta klase batasuna sustatu.

Hau guztia esanda, bat egiten dugu abenduaren 4an Errekalden 12:30ean egingo den mobilizazioarekin, aldi berean, mobilizaziora joateko deia luzatu egiten dugu.