2024-11-23

Preso Politikoen Nazioarteko Eguna

Kartzela ez zen sortu delinkuentziari erantzuna emateko bitarteko gisa, ordena sozialaren kontrakotzat hartzen zituzten populazio taldeak kaletik kentzeko neurri gisa baizik, pobreziarekin zuzenki lotuta.

Preso Politikoen Nazioarteko Egunean Tinkok elkartasuna adierazi nahi die munduko kartzeletan barreiaturik dauden eta euren printzipio politikoen defentsan irmo mantentzen diren militante guztiei. Aipamen berezia egin nahi diegu gose greban dauden Jader Adnan palestinarrari (72 egun gose greban Israeleko kartzela batean. Israelek 4900 palestinar mantentzen ditu preso, horietatik 160 adingabeak) eta Alfredo Cospito (isolamenduaren aurka 2022ko urriaren 20tik gose greban) preso anarkista italiarrari.

Ezinbestekoa da kartzela zer den eta nola funtzionatzen duen ulertzea bere zeregina konprenitzeko. Kartzela, inoren birgizarteratzea bilatzetik urrun, presoaren pertsonalitatea eta borondatea menpean hartzeko tresna da. Bere printzipio nagusiak obedientzia eta sumisioa dira, eta horretarako espetxearen opakotasuna baliatzen du, era horretan praktika legalak eta ilegalak uztartuz.

Kartzela ez zen sortu delinkuentziari erantzuna emateko bitarteko gisa, ordena sozialaren kontrakotzat hartzen zituzten populazio taldeak kaletik kentzeko neurri gisa baizik, pobreziarekin zuzenki lotuta.

Kapitalismoak eragindako bazterketa eta miseriaren ondorioz gizarte burgesaren parametroetan sartzen ez den oro kaletik ezabatzeko bitartekoa da gaur ere kartzela, XVIII. mendean bezala. Zer esanik ez militante politikoei dagokionean, izan ere hauekiko helburua zigor eredugarria ezartzea baita, izua zabalduz sistemari aurre egiten diotenen militantzia baldintzatu nahian.

Horregatik militante politiko ororen betebeharra da amnistiaren aldarrikapena egitea, aldarrikapen hau ez baita preso politikoen askatasunaren aldeko aldarri soila, baizik eta injustiziaren aurka matxinatzeko eskubidearen aldeko oihua ere.

Amnistiaren aldarrikapenaren bitartez historiaren manipulazioa saihesten ari gara, “terroristaren” etiketa kentzen ari baikatzaizkio, hain zuzen ere, burgesiaren terrorismoari aurre egiten dionari.

Amnistiaren aldarrikapenaren bitartez etorkizuneko belaunaldiei borrokarako atea irekita utziko diegu, inori zer egin behar duen esan gabe, baina batez ere inoren bidea ez oztopatuz.

Finean, amnistiaren aldarrikapenaren bitartez militante politikoen defentsa egiten ari gara: antolatzeko, biltzeko, mobilizatzeko eta egoera politikoa iraultzeko eskubidea. Amnistiaren bitartez militante konprometituenen estatus politikoaren defentsa egiten ari gara.

Kartzela mota asko barnebil ditzake kartzela bakar batek presoaren jarreraren arabera, hau are gehiago zigortzeko baldin eta makurtzen ez bada, ala malgutasun handiagoz jokatzeko zigorra onartzen badu, baina beti helburu berberarekin: oligarkiak eta burgesiak zapalkuntza mota ezberdinen bidez ezarritako statu-quoa bere horretan mantentzea.

Euskal preso politikoen artean, gaur egun ere, urrunduta dagoenik badago, edo isolamendu galerietan zigortzen jarraitzen dutenik, eta horrela izango da preso politiko bakar bat existitzen den bitartean. Justizian oinarritutako zapalkuntzarik gabeko gizarte komunistaren gauzatzearekin batera eraitsiko dugu azken kartzela, eta une horretan gauzatuko da hainbeste desiratzen dugun amnistia osoa eta behin-betikoa.