2024-11-21

ZE MOTATAKO “AMNISTIAZ” HITZ EGITEN DIGUTE?

Azken hauteskundeetako emaitzen ondorioz, amnistia politika instituzionalean gehien errepikatzen den hitzetako bat izatera igaro da. Hori ez litzateke horrela izango, PSOEk Kataluniako burgesiaren botoak beharko ez balitu bere agintaldiarekin jarraitzeko. Egoera hori baliatu du Juntsek sasi-amnistia eta etorkizuneko erreferendum bat planteatzeko, PSOEk berak bien artean sinatutako akordioan ukatzen duena, baina ze motatako amnistiaz ari zaizkigu? Benetan al da arriskutsua Espainiako Konstituzioarentzat eskuina ernegatu eta mobilizatu duen “amnistia” hori?

Argi izan behar dugu hainbeste aipatzen den amnistia horrek ez duela zerikusirik herri honen aldarrikapen historikoarekin. Ez dezagun utzi geure buruari engainatzen GALeko PSOEgatik, ezta koalizioko gobernu “aurrerakoia” modu batera edo bestera bermatzen eta babesten duten gainerako alderdi erreformista guztiengatik, euskal alderdiak barne. Estatu osoan ehunka preso politiko mantentzen dituen gobernu berak lan-erreforma, mozal legea, alderdien legea, terrorismoaren aurkako legea, errepresio-indarrak indartzeko gastua handitzen baitu… eta ez dezagun ahaztu PSOEren beraren laguntzarekin aktibatu ahal izan zuela PPk 155. artikulua, Kataluniako herriaren autodeterminazio-eskubide legitimoa ukatuz.

Benetako amnistia ez da preso politikoak aske uztera mugatzen dena, baizik eta borrokaren aitortza eta legitimitatea ere dakarrena, erabilitako metodoak izan direnak izan direla ere, ezeri uko egin gabe eta damurik gabe. Amnistia horrekin batera, langile klasea itotzen eta zapaltzen duten lege errepresibo guztiak indargabetu behar dira, eta Espainiako Estatuak zapaldutako herrien autodeterminazio-eskubidea aitortu behar du.

Horrela bakarrik berma ditzakegu gure herriaren eskubideak eta askatasunak, eta espetxeak iraultzailez gainezka egotea saihestu. Horregatik, gure ustez, kalean erreferenduma eta autodeterminazioa defendatzeagatik errepresaliatuak izan ziren beste pertsona batzuk ere bertan ez barnebiltzeagatik selektiboa izateaz gain, “amnistia” hori benetan indultu bat da. Espainiako Estatuak pertsona jakin batzuekiko duen graziazko neurri bat besterik ez da, baina erabat despolitizatzen ditu egin zituzten eta erreprimitu zituzten ekintza legitimoak. Kontua ez da Tinko indultu horien aurka dagoela, baizik eta amnistia zer den manipulatzen ari dela.

AMNISTIA OSOA!