2024-12-10
Arregiren gurpu ubeldua

Torturaren Aurkako Eguna

Tortura erabaki politiko bat da, eta bera mantendu eta estaltzeko makinaria oso baten beharra dago. Makinaria horren parte dira poliziak, baina oso bereziki politikariak, eta haiekin batera epaileak, auzi medikuak, abokatuak eta tortura zuritzen eta estaltzen duten komunikabideak. Haiek ezinbesteko elementua dira basakeri hau estaltzeko.

Otsailaren 13 honetan 41 bat urte betetzen dira Joxe Arregi, Polizia Espainolak aplikatutako torturen ondorioz, hil zela. Polizia Espainolak bederatzi egunez izan zuen Arregi inkomunikazio egoeran atxilotuta, eta jarraian Carabanchelgo espetxera eramatea agindu zuen epaileak. Ordutik, otsailaren 13a Torturaren Aurkako Eguna da Euskal Herrian.

Preso hil zen Arregi egun batzuk beranduago. Bere gorpuari egindako argazkiek argiki erakusten zuten polizien eskuetan pairatutako infernua. Ubeldurek eta zauriek bere azala estaltzen zuten.

Torturatzaileen aurkako auziak abiatu zituzten, baita torturak estaltzen saiatu ziren medikuen kontra ere bai, baina gehienak artxibatu zituzten. Azkenik, 1989an torturatzaileetako bi kondenatu zituzten hiru hilabeteko kartzelaldira. Gerora, auzi ezberdinetan prozesatutako guztiei kargu igoerak eman zizkieten Estatuari egindako zerbitzuari esker onez.

Torturak, kasu isolatua izatetik urrun, konstante bat izan dira Espainiar Estatuaren partez militante politikoen aurka, eta zenbaki ikaragarri altuetara heldu da Euskal Herria bezalako herrialde txikian. Torturatuak 7000 inguru izan dira, gehienak demokrazia deituriko epe horretan.

Torturen kasuan, zabor gehiago alfonbrapean ezkutatu ahal izan ez dutenean, arreta osoa poliziengan jarri izan ohi da, eta ez da ez dela haiengan jarri behar, baizik eta soilik haiengan jarri dela beste batzuen ardurak estaltzeko.

Tortura erabaki politiko bat da, eta bera mantendu eta estaltzeko makinaria oso baten beharra dago. Makinaria horren parte dira poliziak, baina oso bereziki politikariak, eta haiekin batera epaileak, auzi medikuak, abokatuak eta tortura zuritzen eta estaltzen duten komunikabideak. Haiek ezinbesteko elementua dira basakeri hau estaltzeko.

Europako Estatu guztiek erabili dute eta erabiltzen dute tortura, eta Espainiar Estatuaren kasuan, berau errazten duen inkomunikazio aldia baimentzen duen legea bertan behera utzi ez izanak, edozein momentutan berriz torturatzeko “eskubidea” gordetzen duela adierazten du.

Gogorarazi behar dugu ia alderdi politiko guztiek babestu dutela tortura. Azken 60 urtetako historiaren kontakizuna eraiki nahian dabiltzan honetan, batzuk eta besteak saiatzen ari dira haien ardura gainetik astintzen. Ezaguna da PSOE eta PPren eskuzabaltasuna torturarekiko, baina PNVk, Eusko Alkartasunaren babesarekin, zipaioen bitartez burututako torturak eta jipoiak ezin ditugu ahaztu. Torturaren existentzia ez onartzeak torturatuaren aurkako eraso bikoitza bihurtzen da.

2008an, Alderdien Legea baliatuta, PNVk Joxe Arregiren izena zeraman plazari izena aldatzea erabaki zuen Zizurkilen, biktimei eraso egiten zielakoan, eta mozioak EA, PSE, PP eta Aralar-EB alderdien aldeko bozka jaso zuen, torturaren zuritzearen argazkia ezin hobeto definituz.

Bukatzeko, ezin ahaztu tortura eta gainontzeko zapalkuntzen aurka borroka egiteagatik kartzelan, deportazioan edo erbestean dauden militante politikoak, ezta haietako asko eta askoren kartzela zigorrak torturen bidez lapurtutako testigantzetan oinarria dutela ere. Tinkok bere elkartasuna eta babesa adierazten die modu batean edo bestean torturaren ondorioak pairatu dituzten pertsona guztiei, eta borroka egitegatik zigorra betetzen ari diren guztientzako amnistia osoa galdegiten du.