2024-10-16

Amnistiaren inguruko hausnarketa batzuk

Euskal Herrian, azken hamarkadetan, hainbat mugimendu egin ditugu zapalkuntza nazionala zein soziala ezartzen diguten estatuei amnistia galdegiteko, independentziaren eta sozialismoaren alde egiteagatik errepresioa pairatu dugunontzat, erabili ditugun borroka moldeen arteko ezberdintasunik egin gabe.

Baina begi-bistan da paradigma, ideia eta printzipioen aldaketa, baita ezkerreko abertzaletasunean nagusitzen diren oportunistek egindako ziaboga ere. Horiek euskal preso politikoentzako amnistia aldarrikatzeari uko egin diote eta Espainiatik behin eta berriro inposatu diguten “irabazle eta galtzaile” eskema indartu.

Era horretan, elite horrek inposatu nahi izan digu, lotsarik gabe, gatibu mantentzen gaituzten estatuek ezartzen duten bide juridikoa, penala eta politikoa jarraitzeko, eta gure izaera politikoa desagerrarazi.

Testuinguru honetan, Katalunian amnistia bat aplikatzera doazela heltzen zaigu, eta horrekin batera aldekoak eta kontrakoak agertzen dira. Alde batetik, ez gaitu harritzen aktorerik erreakzionarioenak kaleak hartzen ikusteak, beraien izaera faxista erakusten. Eta bestetik, bando ustez “aurrerakoia” ikusten dugu, ezkertiar batzuez eta independentistaz osatua, amnistiaren ikurra haiena egiten dutenak. Hori bai harrigarria, beraien asmoetan ez baitago gatazka politiko bat konpontzea edota Espainiako Estatuko langile klaseak eta zapaldutako nazioek bizi dugun egoera errepresibo eta prekarioa gainditzea, ez. Gaur amnistiaren ikurra hartzen badute ere, batzuek boterean mantentzeko egiten dute, eta besteek erreformismo eta independentismoaren munduan zilegitasuna irabazi eta herriaren eskubideen defendatzaile bakar gisara agertzeko.

Agerian dago amnistia honek ez daukala zerikusirik ildo  iraultzailearen aldarrikapen historikoekin. Gogoratu behar dugu Espainiako Estatuan azken hamarkada luzeetan ez dela egun bakar bat ere egon kartzeletan errepresaliatu politikorik gabe. Gaur egun, langile klasea eta nazio zapalduen eskubide historikoak defendatzeagatik ehunka gara preso mantentzen gaituztenak. ETA, PCE(r), GRAPO, independentista galego eta beste mugimenduetako hainbat militante politikok, amnistia hau aplikatu osteko egunean, kartzelan jarraituko dugu.

Amnistia honekin ez dira bukatuko gobernu honek herria esplotatzeko eta zapaltzeko darabiltzan legeak. Beraz, egoera antidemokratikoak indarrean jarraituko du. Hau da, errepresaliatuen zerrenda handitzen joango da.

Amnistia honek ez du Katalunian erreferendumaren aldeko mobilizazioetan parte hartzeagatik errepresaliatu duten jende guztia barnebilduko, asko zerrenda horretatik kanpo geratzen baitira. Eta bestetik, estatuaren morroi uniformatuek, herriaren kontra biolentzia erabili zutenek, neurri hau aprobetxatuko dute beraien ekintzak zigorrik gabe geratzeko. Asmo serio edo eraginkorrez osatutako proiektu batek bi datu horiek izango lituzke kontuan, hala izan ez zedin.

Espainiako Estatuaren maltzurkeri hori onartzen duten alderdi politiko katalanek Katalunian urratzen diren eskubideen defendatzaile bakar gisa aurkezten dute haien burua, eta homologo euskaldunekin aliantza finkatu. Horiek Euskal Herrian aldebakartasunaren apustua egin zuten jada, hori bai, independentismoaren aurkako zentzuan, bide iraultzaileen likidazioaren eta kontziliazioaren bidez. Kapitalaren zerbitzura dauden alderdi horiekin eta euren interesekin lerrokatuta gure estatus eta izaera politikoa gehiago mugatzen dituzte, baina, aldi berean, uste dugu garai egokia dela antolakuntza eta mobilizazioaren bidez gure eskubide politikoak ozenago aldarrikatzeko.

Beraz, jokaldi interesatu, amnistia faltsu eta langile klase eta zapaldutako herrien kontrako erasoaldien testuinguru honetan, guk amnistia osoa aldarrikatzen dugu ildo iraultzailearen helburu estrategiko moduan. Herriaren borrokaren bidez lortuko dugu amnistia, ezinbestekoa den autodeterminazio eskubidearekin batera, etorkizun demokratiko eta justu baten bidea irekitzeko.

Bukatzeko, azken hamarkadetan Euskal Herrian amnistia osoa aldarrikatzeagatik krudelkeriaz jazarriak izan zareten erakunde eta pertsona guztiei, animo pila bat eta indarra, markatutako bidea jarraitzeko. Arrazoia duzue, amnistia posible da! Erresistentziaren eta borrokaren bidez lortuko dugu!

Presoak kalera, amnistia osoa!

Jesus Mari Etxeberria Garaikoetxea “Goierri”, Jon Kepa Preciado Izarra, Patxi Ruiz Romero eta Mikel Sansebastian Gaztelumendi euskal preso politikoak.