Urriaren 12a dugu gaur, beste urtebetez, estatu espainiarreko klase politiko erreakzionarioenak, desfile militarren bidez, zibilizazioaren eta erlijio katolikoaren izenean sarraskitu edo esklabo bihurtu zituen ehunka herriren inposaketa, konkista, kolonizazioa, zapalkuntza eta sarraskia ospatzen du.
Historikoa den inperialismo eta espainolismo hori berrituta eta hauspotuta dator oraingoan, kareta berri batekin mozorratuta: gure selekzioa ukatzen duen Espainiako selekzioaren kamiseta, kolore eta aldarriekin mozorratuta hain zuzen eta Vito Quiles bezalako manipulatzaile, intoxikatzaile eta probokatzaileek hauspotua.
Agintean dagoen klase erreakzionario espainolistak frankismo garaitik agintzen du Espainian “trantsizio” garaitik aurrera saldu zen ezkerreko oposizio guztiaren babes eta bermearekin, sisteman integratuta dauden euskal zentro-eskuin zein ezkerreko alderdi, koalizio edo mugimendu politiko guztien babes, berme eta oniritziarekin batera.
Espainiar inperialismoaren inposaketa politiko, kultural eta militar horrek, beste herrien asmo demokratiko guztiak zapaltzeaz gain, bere herritar diren horientzat ere inposaketa suposatzen du. Gaur egun bere sustraietan frankismotik jasotako kultura zaharkitu eta herdoildua mantentzen duen estatu baten pean indarrez ezartzen zaion esplotazioa eta errepresioa pairatzen baitu Espainiako langile klaseak.
Hispanitatearen egunean, Euskal Herriak, Estatu espainiarraren zapalkuntza eta esplotaziopean jarraitzen duten beste herri anaia-arreba askorekin batera, lotura internazionalistarik zintzoenak estutu beharko lituzke. Beren azaletan errepresio gupidagabeena jasan duten edo pairatzen ari diren langile klaseko militante iraultzaile guztiak, eroriak, heroiak, nonahiko gudari eta borrokalariak zein gaur egun bahituta dauzkaten preso politiko guztiak, lehen planoan jarriko dituen borroka eguna izan behar da gaurkoa.
Ezin ahantzi gaurko egunez iaz Gasteizen egondako istiluak eta bertan atxilotu zein ondorioz errepresaliatu dituzten militante antifaxista guztiak. Ezin ahaztu zipaioen pilotakadaz jotako Aritz Ibarraren aurpegiaren irudia, ez eta egun hartako beste irudiak ere, baina, batez ere, ez dugu ahazten Euskal Herriko gazteria antifaxistak emandako erantzun irmoa. Gora zuek!!!
Ezin ahantzi espainolismoaren aurrean Nucleo Nacional taldeko nazien kontra erantzuna eman zuten Iruñerriko gazteak, ez eta haiek atxilotzeko (artean adin txikikoak) txakurrek egindako operazio polizial neurrigabeak.
Azken urte honetan hainbat elementu faxista, haien propaganda, eta abar agertu dira Euskal Herrian eta urriaren 15ean ere Vito Quilesek berriro Euskal Herrira etortzeko asmoa dauka. Horrelako zabor espainolistari aurre egin izan diogu iraganean eta aurre egingo diogu beste behin ere.
Beraz, egun hau amnistia osoaren aldeko borroka eguna bihur dezagun, zapalkuntza nazionalaren, esplotazio kapitalistaren, lege errepresiboen eta polizia eta okupazio indarren aurkakoa. Espainiako estatu inperialista historiaren zabortegira bidal dezagun bai eta elementu espainolista faxista guztiak ere.
Amaitzeko, borroka armaturik gabeko ziklo politiko berri honetan, biolentziaren monopolioa estatuek haien eskuetan izaten jarraitzen duten garaiotan, kolore ezberdineko txakur zein militarrak, tortutatzaile eta hiltzaile guztiak deitoratu behar ditugu: espainiarrak, frantziarrak, NATOrenak zein tokian tokiko zipaioak, aske izan nahi duten herrien eta langile klasearen etsaiak dira. Gure betebeharra da, gaur eta beste behin ere, haiek seinalatzea eta eragiten duten errepresio bortitz horren aurrean elkartasuna antolatzea eta guztiok batera aurre egitea.
Euskal Herriak eta langileriak bizi behar dutelako, borrokatzea zilegi delako, hispanitatearen, espainolismoaren eta basakeria kapitalistaren aurrean: borroka da bide bakarra!

