Frankismo garaiko elite politiko, militar, polizial eta juridiko berberek jarraitu zuten eta jarraitzen dute boterea edukitzen.
Beste urtebetez, heldu da irailaren 27a, Gudari Eguna. Aurten 49 urte betetzen dira Francok bere azken fusilamenduak agindu zituenetik. Orduan Jon Paredes Manot “Txiki” eta Anjel Otaegi Etxeberria ETAko militanteak erail zituzten Euskal Herriarentzako independentzia eta sozialismoa irabazteko borroka egiteagatik. Haiekin batera, Xosé Humberto Baena Alonso, José Luis Sanchez Bravo eta Ramón García Sanz FRAPeko militanteak ere fusilatu zituzten komunismoaren alde borroka egiteagatik.
Fusilamendu hauek eta bi urtera “Trantsizio” izenez ezagututako prozesua hasi zuen Espainiako estatuak. Itxuraz eta formetan dena aldatzen zenaren irudia eman nahi izan zuten, baina esentzian sistemaren zutabe guztiek bere horretan iraun dute gaur egunera arte: frankismo garaiko elite politiko, militar, polizial eta juridiko berberek jarraitu zuten eta jarraitzen dute boterea edukitzen.
Horren ondorio dira ustezko demokrazian Espainiako estatuak eragindako erailketa politikoak, aplikatutako tortura sistematikoak, gobernu ezberdinek sortutako talde parapolizialak eta Euskal Herriko kaleak polizialki eta militarki okupatuta mantendu izana.
Horregatik, 2024. urtean, oraindik ere torturapean lortutako deklarazioetan oinarrituta, dozenaka euskal preso politiko gelditzen dira espainiar eta frantziar kartzeletan. Horregatik, prozesu judizialek, jazarpen eta infiltrazio polizialek, espioitza kasuek eta antolatze, biltze eta mobilizazio eskubideen aurkako erasoek ez dute etenik.
Kapitalismoaren krisi garaiotan miseria eta pobretze orokortua kontrol sozialari, autoritarismoaren gorakadari, Israel eta NATOren sarraskiei zein biolentzia polizial gupidagabeari lotuta datoz. Basakeria honen aurrean antolatzea eta borrokatzea, eta, gaurko egunari erreferentzia eginez, biharko Euskal Herri gorria eraikitzera bidean haien alea jarri eta dena emateagatik izarretan ditugun kide guzti horiek oroitzea eta haien borroka goraipatu eta bizirik mantentzea besterik ez zaigu geratzen.
Baina nola oroitu behar ditugu? Iraganeko zerbait bezala? Inongo aldarri eta eduki politikorik gabe? Euskal Herrian azken hamarkadetan sisteman guztiz integratu den sektore politikoak Gudari Egunari izena ere ezabatu egin dio. Aurten ekitaldiak egingo dituzte “Txiki eta Otaegiren 49. urteurrena” omen delako, baina haien afixetan ez da “Gudari Egunari” erreferentzia minimorik ere agertzen. Borroka albo batera uztea zein aldarrikapen eta eduki politikoa hustutzea nahikoa ez eta orain izena bera ere ezabatu egin diote Gudari Egunari. Amnesia kolektiboaren garaiotan, otzan nahi gaituzten garai ilunotan, ez gara asimilatuen jokoan eroriko. Gudarien oroimena, duintasuna eta borrokaren sugarra bizirik mantenduko ditugu.
Haien eginak, izenak eta izanak oroitu eta lau haizetara aldarrikatuko ditugu, gaurko eta biharko borroketan presente edukiko ditugu. Dena eman duenari dena zaiolako zor, askatasun haizea direnei betiko argia.
Gudariek utzitako lorratzetik, biolentziaren bitartez ukatzen dizkiguten eskubide oinarrizkoenen defentsan eta errepresioaren aurka antolatu beharra daukagu. Ildo horretatik, militante politiko guztien defentsa egiteko amnistia osoa defendatzen jarraituko du Tinko antolakundeak. Amnistia osoa ez dugulako estatuen errepresioa onartzen, Amnistia osoa gure eskubideen alde borroka egitea zilegi delako. Amnistia osoa ez dugulako zapalduta bizitzerik onartzen eta betiko zapalkuntza berdinek dirautelako.
Gaurko egunean, askatasunaren alde bizitza eman zuten borrokalari guztiez gain, gaur egun kartzeletan tinko eta duintasunez mantentzen diren preso politikoak zein erbestean dauden iheslari eta errefuxiatu politikoak ditugu gogoan.
Amaitzeko, Zaballako espetxean dauden euskal preso politiko batzuek borrokaldia hasi zuten lokutorioetan haien urkoekin komunikatzeko dauzkaten arazoak salatzeko eta hauei konponbidea emateko. Gudari Egun honetan, beste behin ere etsaiaren ziegetan duintasunez eta borrokan jarraitzen duten hoien adorea eta kemena ere azpimarratu eta goraipatu nahi ditugu, haiekin gaudela azpimarratuz eta haien borroka sustengatuz.
Atzoko, gaurko eta biharko gudarien defentsan: amnistia osoa! Borroka da bide bakarra!!!