2024-04-25

M13an ADI EGON! ONGI ETORRI IBAI!

Martxoaren 13an, Ibai Aginaga euskal preso politiko komunista espetxetik aterako da Espainiako Estatuak 18 urte bahituta eman ondoren. Azkenik, Berango jaioterrira itzuli ahal izango da 21 urte ondoren, 3 urte klandestinitatean eman baitzituen.

Urte hauetan guztietan, Ibaik ez dio borroka egiteari utzi. Estatuek eta haien laguntzaile guztiek egindako xantaien aurrean tinko mantendu da beti une bakar batez ere zalantza egin gabe. Torturak, irainak, txapeoak, gose grebak eta elkartasunezko borroka ugari bere kideekin batera izan da urteetan zehar bizi behar izan duena. Azpimarratzekoa da, halaber, damua, makurraraztea eta kolaborazioa egunerokotasuna izan diren une zailetan izan duen tinkotasuna, zeinetan Ibai beti izan baita den bezalakoa, herriaren alde eta herriarentzat dena eman duen gudari iraultzailea. Hori da Ibaik ordezkatzen duena, duintasunaren adibide garbia.

Tinkotik uste dugu Euskal Herriak bizi duen une honek, non sozialdemokraziak burgesiarekiko mendetasunaren bidea inposatu nahi duen, inoiz baino gehiago eskatzen duela gertakari honi merezi duen balioa ematea. Argi utzi behar dugu gudariek eskubide osoa dutela herriak harrera egin diezaien, gure miresmena ezkutatu beharrik gabe, eta are gutxiago iraultzaile horiei espetxetik burua makurtuta edo ezkutuan ateratzen uztea. Gudari horiek dira, beren konpromiso militante besterenezinaren ondorioz, eskura dituzten tresna guztiekin borrokatzen dutenak, Espainiako eta Frantziako estatuek herri honetako langile klasearekiko duten etengabeko indarkeriari eta izuari aurre eginez. Merezi duten errespetua erakutsi behar diegu eta amnistia osoaren alde borrokan jarraitu.

Beraz, martxoaren 13an Berangoko herriak antolatuko duen ekimenean parte hartzeko deia zabaldu nahi dugu.

ONGI ETORRI IBAI!
AMNISTIA OSOA!