2025-09-04

10 urte Mozal Legearekin

Aurten hamar urte betetzen dira “Mozal Legea” delakoa onartu zenetik, izatez Espainian Herritarren Segurtasuna Babesteko Lege Organikoa izenez onartu zuten Alderdi Popularraren gobernupean.  

Hala ere, hasieratik “Mozal Legea” deitu zitzaion eta horrela deitzen zaio, giza eskubideen aldeko zein ezkerreko eragile politikoontzako beste hainbat gauzaren artean adierazpen, bilera eta manifestazio askatasuna mugatzen duelako; izan ere, zigor administratibo handiak ezartzen ditu lehen protestarako eskubidearen zatitzat jotzen ziren jokabide batzuengatik.  

Hori gutxi ez eta poliziaren inpunitatea eta boterea izugarri gehitzen ditu. Horrela, hainbat izan dira Mozal Legearen aitzakipean Segurtasun Indarrek burutu dituzten gehiegikeriak zein inongo proba finkorik gabe eta guztik arbitrarioki ezarritako isun neurrigabeak.  

Gainera, lege hau administratiboa da eta militante zein eragile politikoak ekonomikoki itotzea dauka helburu estatu burgesa diruz hornitzen duen bitartean. Isunak administratiboak izaki eta haietako batzuen diru kantitate altua kontuan izanda, urte luzez ordaintzen egotera eta amesgaiztoa hainbat urtetan luzatzea dakarte.

Gedar atariaren Arteka[1] aldizkariko datuen arabera “2015eko uztailean indarrean sartu zenetik 2019ko abenduaren 31ra arte, 1.009.729 isun jarri ziren araudi horren bidez, guztira, 563,3 milioi euroko zenbatekoarekin, betiere Espainiako Estatuko Barne Ministerioak emandako datuen arabera. Baina datu horietan ez daude jasota Ertzaintzak, Foruzaingoak edo Mossos d’Esquadrak jarritako isunak.”  

Gainera, artikulu berak dioen legez “Denbora tarte berdinean, Hego Euskal Herrian 29.000 zigor baino gehiago ezarri ziren Mozal Legea aplikatuta. Horien artean, 8.000 inguru egongo lirateke eskubide sozial eta politikoekin lotuta, hau da, zuzenean antolatutako gatazkekin.”  

Hori gutxi ez eta alarma egoerarekin Segurtasun Indarren erabateko inpunitatea eta erabateko kontrol soziala nagusitu ziren garaian hauxe gertatu zen artikulu beraren arabera: “alarma egoeraren lehen 100 egunetan, Espainiako Estatuko zigorren kopuruak % 42 egin zuen gora, Mozal Legea indarrean sartu eta lehen hiru urte eta erdiarekin alderatuta. Guztira, 1,2 milioi isun jarri ziren alarma egoeraren tarte horretan. Halaber, 45.000 zigor inguru ezarri dituzte Hego Euskal Herrian, eta 464 lagun atxilotu dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.”  

Noski alarma egoerako isun guztiak ez direla ekinbide politiko edo sozialari lotuak baina, azkenean, estatu burgesaren dominazio eta errepresio mekanismo bortitzak izan ziren proletariotza diziplinatzeko.  

Horrez gain eta datu gehiago gehitzearren, 20 minutos [2]egunkariaren artikulu honen arabera eta Kriminalizazio Sozialaren aurkako Plataformaren datuak erabiliz: “EAEn 1.200.000 euro inguru bildu ziren 2018ra arte.”  

Kolore zein alor ezberdinetako eragile andanari ezarritako isunak izan ziren hauek guztiak. Aurreko datuak pixka bat zaharkituak geratu dira baina estimazioen arabera Polizia Foralak eta Ertzaintzak 2015etik 2025era bitartean 5 milioi euro ingurura heltzen diren isun ekonomikoak ezarri dituzte, eta, berriro ere estimazioen arabera, guztira 21.000 isunetik gora izan dira guztira.  

Horrez gain, 2024ko urrian EH Bildu alderdiak, PSOEren gobernuari proposatutako eta honek onartutako erreforma baten bidez, Mozal Legea bertan behera utzi zuela aldarrikatu zuen harrokeriaz lau haizetara. Esan beharrik ez dago, beste behin ere, EH Bildu iruzurrean ari zaigula eta Mozal Legeak (aldaketa gutxi batzuez salbu) oraindik indarrean jarraitzen duela eta indarrean jarraituko duela. Estatu kapitalistak zutik dirauen artean beti egongo dira langileriaren eta mugimendu sozial zein politikoen aurkako lege errepresiboak eta, nola ez, sistemaren jokuan dantzan eta aberasten dabiltzan alderdi burges sozialdemokratak sistemaren ezkerreko zutabea dira, estatu burgesa habetzen edo apuntalatzen dute eta arazoaren parte dira, baina inoiz ere ez konponbidearen parte.  

Ezin dezakegu artikulu hau amaitu estatu kapitalisten azken urteotako joera totalitarioa salatu gabe. Gure Euskal Herriko, Mendebaldeko Europako zein oro har Munduko Langileria Iraultzailea bere eredu iraultzailerik gabe noraezean dabilen urteotan, estatu kapitalistek inpunitate osoz ezarri dizkigute, ezartzen dizkigute eta ezarriko dizkigute salbuespen legedi errepresibo eta totalitario hauek.  

Gerra inperialistaren mamu zaharra berpiztuz NATO aliantza kriminal zein terrorista diruz lepo betetzen duten bitartean, Palestinako Herri Langilearen aurkako genozidioa aurrera eramaten ari diren bitartean, kaleak militarizatzen, segurtasun kamerez josten etab. dihardute. Ekintza zein antolakuntza iraultzaile oro zanpatu nahi dute eta Munduan haien ideologia zein NATO delako aliantza kriminal zein terroristatik kanpora dauden ezein talde, estatu zein antolakunde txikitu gura dute.  

Guk, gure txikitasunetik ekarpena egin behar dugu, Mozal Legearen aurka eginez eta estatu kapitalisten berrarmatzearen, poliziaren inpunitatearen, lege errepresiboen, eta funtsean, estatu kapitalisten joera totalitarioaren aurka egiten. Gure esku dago errepresioaren aurkako sareak jostea eta Euskal Herriaren askapen nazionala eta Euskal Herriko Langileriaren zein beste munduko txoko guztietako Langileriaren Askapen Unibertsala lortzea.  

Amaitzeko, ezin ditugu ahaztu espainiar zein frantziar estatuek gupidagabeki zigortutako euskal militante iraultzaileak. Zenbat eta handiagoa den estatuen aurkako borroka, orduan eta handiago izan da eta izango da hauen erantzuna. Beraz, ezin ditugu ahaztu eskuzabaltasun osoz Euskal Herriaren askapen nazional eta sozialaren alde borrokatzeagatik errepresioa jasan duten militante politiko guztiak.  

Mozal Legea, lege errepresioak, okupazio indarrak eta oro har estatu kapitalisten segurtasun indarrak suntsitu! Amnistia osoa!