2024-03-28

Elkartasun internazionalista Alfredo Cospitorekin

Alfredo Cospito, italiar preso politiko anarkistak, 140 egunetik gora daramatza gose greban italiar estatuak ezarri dion “41 bis” deritzon isolamendu erregimenaren aurka. Isolamendu erregimen hau hainbat antolakundek kritikatu eta salatu izan dute daukan izaera gogorrarengatik eta bertan presoek jasan behar duten baldintza gogorrengatik. Ildo horretatik, Torturaren Prebentziorako Europar Konbenioak edota Giza Eskubideen Europako Tribunalak gizatasunaren aurkakotzat jo izan dute, esaterako 2007an, Estatu Batuek, haien gizagabetasun eta presoekiko duten jarrera doilorrak ezagututa ere “41 bis” erregimena tortura metodo bat dela onartu zuten.

Preso politikoen borroka hil edo biziko borroka da. Langile klasea zanpatuta eta zapalduta nahi duen errepresio kapitalistaren aurrean duintasuna mantentzearen aldeko borroka.

Militante hauek eredu dira eta horrela mantendu behar dira herri zapalduen memorian eta hauen askatasuneranzko biharko borroketan. Irlandar preso politiko errepublikarrei Sailkapen Berezia ezartzearen aurka egindako gose greban 66 egun egin ondoren 1981eko maitzaren 5ean zendu zen Bobby Sands-en antzera edota baldintza duinen aldeko borrokan 97 eguneko gose grebaren ondorioz 1981eko ekainaren 19an Herrera de la Manchako kartzelan zendu zen PCE (r)ko Kepa Krespo Galenderen antzera. Edota ia hamarkada bat beranduago GRAPOko Jose Manuel Sevillanok 1990eko maiatzaren 25ean hil zen arte aurrera eraman zuen 176 eguneko gose greba izugarri hura: ETA, PCE (r) eta GRAPOko preso politikoek pairatzen zuten dispertsio eta torturaren aurka. Horiez gain ezin ahantzi haien eskubideen alde borrokan turkiar estatu faxistaren presondegietan hil diren ehundaka militante kurduak.

Begirada urrun jarri gabe hainbat eredu datozkigu burura. Duela gutxi, 2020an hain zuzen, Patxi Ruiz “Kapota” euskal preso politikoak egin zuen gose greba eta aurrera eraman zuen borrokaldi eredugarria esaterako. Patxik, ETAko militantea izaki, Murtzia IIko espetxeko isolamendu erregimenaren eta koronabirusaren aitzakipean jasaten zituen gehiegikeria guztien aurkako borroka hasi zuen. Patxik Euskal Herria eta kalea piztea lortu zituen eta bere borroka iraultzaile eredugarriak beste behin ere ongi erakutsi zigun amnistiaren aldeko borroka herriarentzat funtsezkoa eta baztertu ezina dela. Kartzeletako borroka kaleko borrokaz uztartu beharra dago, duintasuna mantentzeko etengabeko borrokarekin, gure gudariak eta borrokalariak oroitzeko memoriarekin eta haien preso politiko iraultzaile izaerarekin.

Guzti honen bidez Tinkotik gure erabateko elkartasun internazionalista adierazi nahi diogu Alfredo Cospitori eta isolamendu erregimenaren aurka daraman borroka eredugarriari babesa eman.

41 BIS ERREGIMENARI EZ!

AMNISTIA OSOA!