2025-11-17

J.M. ETXEBARRIA “GOIERRI”-K EPPK UTZI DU

Hilabeteetan zehar ezin saihestuzkoa atzeratzen joan eta gero jada EPPKrekin identifikatua sentitzen ez nintzelarik, inoiz bizitzerik uste izan ez nuen unea iritsi da: nire militante bizitzan leku oso garrantzitsua izan duen EPPKko militante izateari utzi diot.

Kaleak etengabe barrikadez, gomazko pilotez, ke botez… lepo zeuden herri batean hazi nintzen, Oreretan. Baina orduko nire xalotasun hartan ez nintzen guztiz jabetzen haren zergatiaz.

12 urte nituenean, ordea, nire lehengusu Jokin Zaizar Garaikoetxea ETA (PM)ko militantearen heriotza gertatu zen, zehazki 1977ko uztailaren 26an. Kolpe mingarri hori izan zen nire konpromezu borrokalaria piztu zuena.

Ondoko urteetan erabaki nuen Jokinen lekukoari heltzea eta ahal bezain duinen eramaten saiatu naiz, nire akats guztiekin, baina beti gure herriarekiko maitasuna oinarri.

Jokinek 20 urterekin isuri zuen odolaz sendotu zituen gure herriaren ikur den haritzaren sustraiak. Baina gaur egun, eroritako kide askoren gisan, ahazturan daukate bere jaioterri den Iruran. Ez du merezi nonbait bere heriotz egunean oroitzerik ere. Jokinen eta eroritako gainontzeko kideen memoria soilik gure herriarekiko konpromezua eta maitasuna aitortzen duten herritar gutxi batzuek eta bere senideek mantentzen dute bizirik.

Jokinen nahiz eroritako burkide guztien memoria, kartzelan duintasunaren bidean tinko jarrai dezagun argia ematen diguten. Agur maitakor bat helarazi nahi diet borrokan eroritako Peru, Gude, Rafa, Arrantzale, Mikel eta Egoitz gudari oreretarren senideei. Beti izango dira gurekin.

EPPK bere “Etxera” oihuarekin burutzen ari den bidea “sálvese quien pueda” deritzan politika baino ez da, bere horretan espetxetik irtetea soilik bilatzen duena. Gogorra suerta daiteke hala adieraztea baina hauxe da kartzeletako egunerokotasunean bizi dugun errealitate gordina. Guzti hau ibilbide politiko historiko baten erabateko ukapena bilakatu da, baita espetxe sistemaren (kalera ateratzeko baimenak, espetxe lanak, justizia errestauratiboa…) bete-beteko asimilazioan nahiz norbera izan denarekiko lotsaraztea ere.

Guzti honen adibide argia izan zen ongi etorriak bertan behera uzteko erabakiari oniritzia eman zion EPPKren agiria, Euskal Preso Politikoak euren herrietara gordeka eta gizatxar batzuen pare itzul zitezen onartzen zuena.

Egungo EPPKren konpromezu eta elkartasun eza Palestinako herriaren aurkako genozidioarekikoan nabarmentzen da, bere ixiltasuna guztiz lotsagarria delarik, ez baitu salaketa edo elkartasun hitz bakar bat ere adierazteko gaitasunik izan. Guzti horrek atzean gordetzen duena beldurra da, espetxe irteerak kolokan jartzeari beldurra, eta espetxe batzorde nahiz epaileekiko beldurra.

Mingarria da askapen borrokarekiko ukoa zein muturretaraino iritsi den egiaztatzea eta zein lotsa gutxi dagoen horretarako. “Justizia” espainiarrarekin onartzen diren akordioez ari naiz, espetxea saihestu asmoz denetariko umiliatzeak onartzen direlarik. Eta gainera herriari garaipen gisa salduz, erabateko asimilizazioa eta zapalkuntzan oinarritzen den “elkarbizitza” baterako bidean denean.

Guzti hau zein ukapen mailara iritsi den ikusteak zer pentsa ematen du, Euskal Herria ukatzen eta zapaltzen dutenek (ez ahaztu, oraindik borrokan jarraitzen dugu) ez zuten irudikatuko euren ametsik onenean ere ezartzen diguten zapalkuntzarekiko hain erantzun eskasik.

Sasiborrokalari poltroneroek bultzatutako kaleen indargabetzeak erraztu du hori, ez baitaukate euren jarrera makurra ezkutatu beste helbururik. Borroka honetan izan duten konpromezua ez da inoiz igaro txoznetan kalimotxoak edan osteko lau oihutatik edo txokoan tripa bapo beteta iraultzetaz hitz egitetik harago. Ba al daki inork zertan den garaian agindu ziguten desobedientzia zibila? Ondo legoke kartelak jartzea hartaz galdezka.

Noizbait, aspaldi, esan zidan kide batek, gure herriaren arazo nagusia borrokan ziharduenaz jabetze eza zela. Ez dakit hausnarketa hura zuzena zen ala ez. Zinez dakidan bakarra kide hark borrokaren alde honetan ez duela jarraitzen da, eta kalean dabilela “sálvese quien pueda”bideari jarraika. Ezin da samin gehiago metatu.

Gaur egun “amnistia” hitza debekatua dago, guztiz madarikatua, gure eguna iritsiko zela amesten zen txokoetako hiztegitik kanpo. Orain bere aipamen hutsak goragalea eragiten dio duela gutxi arte “PRESOAK KALERA AMINISTIA OSOA” eztarria urratzeraino oihukatzen zuten askori. Bizitzak ezusteko asko eman ohi dituela esaten da, eta hau ezusteko horietako bat ote den egiten dut galde.

Gaur, inoiz baino gehiago, amnistia eta askatasuna leloak borroka, harrotasuna, sakrifizioa eta eskuzabaltasuna ditu esanhi. Batzuk ikusiko ez badugu ere, gure herriak ikusiko du argia, izatekotan aministiaren bidetik lortuko baita.

Badakit lerro hauek irakurrita deabru berrien taldean sartuko nautela batzuek, errealitatetik kanpo egotea, euren jarduna osoki maiseatzea, zutik eutsi nahi izatea, nahiz fronte honetara ekarri gintuen zorioneko erokeriari uko ez egitea leporatzen zaienen taldean hain zuzen. Erretxin guzti horientzako nire erantzun apala, behin hain faltan botatzen dugun EGIN egunkarian irakurri nuen hauxe: “Pertsona esklabuak bere askatasunaren alde borrokan dirauen pertsonaren begirada gorroto du”.

On egin.

BELAR TXARRAK, ZAINAK LUZE.

INDEPENDENTZIA, SOZIALISMOA ETA AMNISTIA

JESUS MARI ETXEBERRIA GARAIKOETXEA, EUSKAL PRESO POLITIKOA ZABALLAKO ESPETXEA

(2025/11/10)