2026-06-20

Oskar eutsi gogor!

Dagoeneko 29 urte espetxean igaro dituen Oskar Barreras euskal preso politikoak sei aste daramatza isolamenduan oinarrizkoa den eskubide bat defendatzeagatik, hau da, ziegan bakarrik egoteko eskubidea defendatzeagatik hain zuzen.

Hainbat aldiz gertatu izan den bezala, beste behin ere espainiar estatua bere legedi propioari muzin egiten ari da, espainiar estatuaren espetxe legediak berak argi baitio preso bakoitzak ziegan bakarrik egoteko eskubidea duela. Beraien lege propioari muzin egiteaz gain, preso baten oinarrizko eskubidea urratzen dabiltza beste behin ere.

Esan beharrik ez dago ziegan bakarrik egotea preso politikoen aldarrikapen historikoa eta amnistiaren aldeko mugimenduaren borroka historikoa izan dela eta bere defentsan hainbat borroka egin dela eskubide hori betearazteko.

Oraingo honetan ere, bere oinarrizko eskubidea defendatzeko, Oskar Barreras euskal preso politikoak komunikazio eta patio greba hasi zituen.

Euskal Herriko espetxeetan iraganeko zapalkuntzek bere horretan diraute. Zapalkuntza horien aurka egin, euskal preso politikoei babesa adierazi eta amnistia osoaren alde borrokatzea dagokigu guri eta egoera hau konpondu arte eta Oskarrek borrokan dirauen bitartean, guk ere borrokan eta elkartasuna adierazten jarraituko dugu.

Oskar eutsi gogor!

Presoak kalera, amnistia osoa!