Ekainean epaitu zituzten 16 lagun Espainiako Auzitegi Nazionalean Ibai Aginagaren ongietorrian parte hartzea leporatuta, eta uztailean argitaratu zuen salbuespen epaitegiak 16ak absolbitzen zituen epaia.
Epaiaren arabera, ongietorri batean parte hartzea eta antolatzea ez da delitua, eta gainera Guardia Zibilaren konfidente baten ustezko grabazioaren transkripzioa ez zuen frogatzat onartu, izan ere ez grabazioa ezta konfindentea ere ez baziren instrukzio osoan agertu. Orain, Vox alderdi faxistak epaiaren aurkako helegitea aurkeztu du.
Epaitegi faxista horrek esaten duena esaten duela ere, Tinkok beti defendatu du ongietorrien zilegitasuna, eta hala defendatu zuten epaiketan zehar auziperatuta zeuden gure bi militanteek: gure antolakundeko kideak zirela onartzeaz gain, ongietorrian militante politiko moduan aritu zirela baieztatu eta eskubide zibil eta politikoak, baita amnistia osoa ere, aldarrikatu eta defendatu zituzten.
Tinkok oso positiboki baloratzen du auziperatuek izandako jarrera duina. Batetik, eskubide oinarrizkoenak defendatzeko orduan bidezidorrik ez dagoela erakutsi zutelako. Eskubide zibil eta politikoak eskuratzeko modurik eraginkorrena hauek gauzatzea da, inori baimenik eskatu gabe.
Bestetik, erakutsi zutelako errepresioaren aurrean tinko mantenduta ere epaiketak irabazi daitezkeela, prozesu hauen izaera politikoa agerian utziz.
Bukatzeko, Tinkok azpimarratu nahi du auziperatuek hilabetetan zehar aurrera eramandako kanpainaren garrantzia, bai eduki politikoari dagokionez zein lortutako herri atxikimenduari dagokionez ere. Errepresioaren aurrean batasuna ezinbestekoa da. Egindako lan onak etorkizunerako zimenduak ezartzeko baliogarria izan dadila.
Eskubide zibil eta politikoen defentsan, Berangokoak aske!
Amnistia osoa!
