Tinkok baldintzarik gabeko elkartasuna adierazi nahi die kartzelaratutako bi militanteei eta euren senideei.
Era berean salatu nahi dugu hainbat lobby eta alderdi politiko, gertatu dena bezalako operazio errepresiboa aurrera eramateko beharrezkoa diren baldintzak sortzen ari direla aspalditik.
Militantzia politiko antolatuaren kriminalizazioa etengabea izan da azken urteotan. Militanteen kontrako jazarpena ere bai. Eta horretarako boteredun gutxi batzuen eskuetan dauden mass mediak erabiltzen dituzte modu lotsagarrian: manipulazio informatiboa, egia erdiak eta gezur hutsak erabiltzen dituzte disidentzia politikoaren desitxuraketa eta irudi karikatureskoa sortzeko.
Alderdi politiko, lobby eta komunikabide hauek, biolentziaren aurkako diskurtsoa egiten ari direlakoan, benetan biolentzia instituzionalaren defentsa egiten ari dira. Izan ere Euskal Herrian bizi dugun biolentzia bakarra beraiena da.
Kontrol soziala nonahi; polizia manifestazioak jipoitzen, etxegabetzeak gauzatzen eta gorbatadun lapurrak babesten. Eskuadristak handik eta hemendik burgesen interesak defendatzen eta pobreak jazartzen. Eta bitartean, beharrizan oinarrizkoenak asetzeko ezintasuna gero eta jende gehiagorengana iristen ari da.
Ezin dugu PNV eta bere polizia zipaioaren papera aipatu gabe utzi. Lehen egiten zuten bezala, orain ere Audientzia Nazionalaren eta espainolismoaren zerbitzupean lanean jarraitzen dute. Euskal eta espainiar burgesiak eskutik helduta joan dira beti, euren klase interesak Euskal Herria eta euskal langileriaren interesen gainetik inposatzeko hautua argia baita.
Errepresioaren aurrean eta militantzia politikoaren defentsan, amnistia osoa!

