2024-11-21

30 urte Morlanseko sarraskitik

Morlansekoa ez da gertakari isolatua izan, eta kontakizun ofizialak dioena gorabehera, Euskal Herriko memoria historikoan gorde beharreko sarraski hau, Espainiar eta Frantziar Estatuek biolentziaren bitartez inposatzen diguten gatazkaren isla argia da: ETAren jarduera, akatsak-akats eta asmatzeak-asmatze, nazio zapalduen eta langileriaren eskubideak sistematikoki urratzen dituzten odolzale horien aurkakoa izan da, eta ondorioz erakunde honetako kideak militante politiko gisa baino ezin ditugu ikusi.

Gaur 30 urte betetzen dira Guardia Zibilak Donostiako Morlans auzoko etxebizitza bat inguratu eta barruan zeuden ETAko hiru kideak tirokatu eta erail zituenetik. Ordu batzuk lehenago Donosti Komandoaren kontrako operazioa hasia zuten. Horren ondorioz, 3 eraildakoez gain, 10 pertsona atxilotu zituzten eta beste zortzik etxetik ihes egin behar izan zuten.

Guardia Zibilaren operazioa Galindok eta Roldanek zuzendu zuten, Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuburua eta Jose Luis Corcuera Barne Ministroa zirela, biak PSOEkoak. Atxilotu guztiak basaki torturatu zituzten: elektrodoak, bainuontzia, poltsa, kolpeak…

Morlansen eraildakoak Jokin Leunda, Patxi Itziar eta Iñaki Ormazabal izan ziren. Guardia Zibilaren aurka 4 orduko tiroketan eutsi eta gero, desarmaturik zeudenean eta ondo-ondotik jotako tiroz erail zituzten.

Operazio honetatik zerbait azpimarratzeko baldin badago, hildakoez eta atxilotutakoez gain, Espainiar Estatuaren (ez soilik PSOEren), gerra zikinaren, okupazio indarren, alderdi instituzionalen, epaileen eta komunikabide handienen artean zegoen lotura da. Komunikabideek gertatutakoaren bertsio ofiziala hedatzen eta defendatzen zuten bitartean, aurreko gainontzeko guztiek itxura eta babes legala eskaini zieten mertzenario hutsak baino ez diren hiltzaile horiei.

Orduan ez komunikabideek ezta politikari profesionalek ere kontatu ez zutena, operazio horretan parte hartu zuten Guardia Zibilaren bi mertzenariok azaldu zuten 2018an: «Nik etarren (sic) tripetara tu egiteko plazera izan nuen. (…) Horiek dagoeneko ez ditu Pedro Sanchezek etxera eramango, honezkero ez dute ezta zizarerik izango. Zitalki balaz josi zituzten. (…) Begiratu gabe egiten genuen tiro. (…) Hormetan 600 bala kolpe baino gehiago zeuden. (…) Gure kide batzuek etarren tripak zeramatzaten boten takoietan, hauek haien bularretan hondoratu eta gero».

Morlansekoa ez da gertakari isolatua izan, eta kontakizun ofizialak dioena gorabehera, Euskal Herriko memoria historikoan gorde beharreko sarraski hau, Espainiar eta Frantziar Estatuek biolentziaren bitartez inposatzen diguten gatazkaren isla argia da: ETAren jarduera, akatsak-akats eta asmatzeak-asmatze, nazio zapalduen eta langileriaren eskubideak sistematikoki urratzen dituzten odolzale horien aurkakoa izan da, eta ondorioz erakunde honetako kideak militante politiko gisa baino ezin ditugu ikusi.

Amnistia osoaren gauzapena izango da militante hauen guztien askatasuna zein gure herri eta klase sozialaren duintasuna errespetatua izateko berme bakarra. Jokin, Patxi eta Iñaki: duintasun eredu zarete. Herriak ez du egin zizuetena barkatuko!