2024-04-26

Urriak 12. Ezer ez ospatzeko, dena borrokatzeko

Urriaren 12an, Estatu espainiarreko klase politiko zahartuenak, kaskarrenak eta erreakzionarioenak, desfile militarren bidez, zibilizazioaren eta erlijio katolikoaren izenean sarraskitu edo esklabo bihurtu duten ehunka herriren inposaketa, konkista, kolonizazioa, zapalkuntza eta sarraskia ospatzen du.

Espainiar inperialismoaren inposaketa politiko, kultural eta militar horrek, beste herrien asmo demokratiko guztiak zapaltzeaz gain, bere herrian ere inposaketa luzatu egin du. Gaur egun bere sustraietan frankismotik jasotako kultura zaharkitu eta herdoildua mantentzen duen Estatu baten pean indarrez ezartzen zaion esplotazioa eta errepresioa pairatzen baitu Espainiako langile klaseak.

Hispanitatearen egunean, Euskal Herriak, Estatu espainiarraren zapalkuntza eta esplotaziopean jarraitzen duten beste herri anaia-arreba askorekin batera, lotura internazionalistarik zintzoenak estutu beharko lituzke. Beren azaletan errepresio gupidagabeena jasan duten edo pairatzen ari diren langile klaseko heroiak, hau da, borrokan eroritako guztiak eta gaur egun bahituta dauden preso politiko guztiak, lehen planoan jarriko dituen borroka eguna izan behar da gaurkoa.

Egun hau amnistia osoaren aldeko borroka egun bihur dezagun, zapalkuntza nazionalaren, esplotazio kapitalistaren, lege errepresiboen eta polizia eta okupazio indarren aurkakoa. Espainiako Estatu inperialista historiaren zabortegira bidal dezagun.