
Gaur apirilaren 17a da, Preso Politikoen Nazioarteko eguna eta horregatik batu gara Bilboko Etxebarrieta anaien plazan. Urtero legez, egun honetan euskal preso, iheslari, deportatu eta errefuxiatuak eta haien borroka goraipatu nahi ditugu, aipamen berezia eginez etsaien xantaien eta damu zein kolaborazio eskaeren aurrean duintasuna ardatz hartuz haien militantzia iraultzailea mantendu eta tinko dauden euskal preso politikoei.
Bestalde, egun berezi honi erreferentzia eginez eta internazionalismoaren bandera astinduz, munduko preso politiko iraultzaileak gogoan hartzeko eguna da gaurkoa, zapalkuntza guztien aurka borroka egin eta munduko txoko ezberdinetako ziega usteletan gatibu hartu dituzten militante iraultzaile guztiak, haien duintasuna eta haien borrokaren zilegitasuna goraipatzekoa.
Internazionalismoarekin jarraituz, Palestinar eta Libanoar Erresistentziako kide diren preso politikoak ere gogoan ditugu. Gainera, Israelgo parlamentuak odol delituak dituzten Palestinar Erresistentziako kideei heriotza zigorra ezartzeko lege bat onartu dut. Inoiz baino ozenago diogu: Israel suntsitu, Palestina askatu!
Palestinako preso politikoez gain, eta iaz salatu genuen gisa berean, Turkiako sarraski espetxeetan 200 egun baino gehiago gose greban daramaten preso politikoak ere gogoan ditugu.Guztiei bihoakie gure elkartasun eta babes osoa Euskal Herritik.
Espainiar estatuari dagokionez, berriro ere bere izaera faxista agerian utzi du, haien legedi propioari ere muzin eginez, larriki gaixorik dagoen Mari Jose Baños Andújar GRAPOko preso politiko komunista espetxean mantenduz. Tinkotik Mari Joseren askatasunaren aldeko ekimenetan parte hartzeko deia luzatzen dugu bere berehalako askatasuna galdegitearekin batera.
Euskal Herrira bueltatuz, euskal presoen ongi etorrien afera aipatu beharra daukagu. Enegarrenez, euskal presoekiko elkartasuna zanpatze aldera, espainiar estatua eta bere inguruko erakundeak presoen ongi etorriak debekatzeko nahian hasi ziren eta Ezker Abertzale Ofizialak ere men egin zien hauen eskaerei. Alabaina, oztopoak oztopo zein debekuak debeku, Ibai Aginaga berangoztar preso politiko ohiari ongi etorri jendetsu bat burutu zitzaion 2022ko martxoan. Ongi etorri horren harira 16 pertsona daude inputatuak eta ekainean deklaratu beharko dute Audientzia Nazionalean. Gure elkartasun eta babes osoa inputatuei. Berangoko auziperatuak aske, ongi etorriak libre!
Bestalde, aste honen hasieran jakin genuen Hilario San Roman Urbizu “Eskopetas” Olaztiko errefuxiatu politikoaren heriotzaren berri. Hilario Euskal Herriaren askatasunaren aldeko gudari nekaezina Mexikon hil da, 45 urte inguru erbestean eman ondoren eta saldu ziguten ustezko bake prozesu faltsu haren ondoren Euskal Herrira itzultzeko betarik eduki gabe. Agur eta ohore Hilario! Dolumin sentikorrenak bere senide eta hurkoei.
Gaurko egunari erreferentzia eginez, munduko preso politiko iraultzaileak gatibu dauden artean gure esku dago haien borrokaren lekukoa hartu eta haientzako amnistia osoa aldarrikatzea. Amnistia osoak gudari guztien askatasun osoaz eta haien borrokaren aitortzaz gain haiek gudara bultzatutako zapalkuntzen amaiera dakarrelako ezinbestean, hau da, gure kasuan gure herriaren eta klasearen behin betiko askatasuna, hots, zapalkuntzarik gabeko Euskal Herri askea, eta, noski, gudarien borrokaren zilegitasuna eta merezitako aitortza.
Batzuk sisteman guztiz integratuta eta asimilatuta badaude ere, azken urteetan hainbat pertsona eta mugimendu izan dira amnistia osoaren aldeko lanean engaiatu eta bere sugarra pizturik mantentzen dutenak. Estatu burgesen errepresioaren aurrean makurtu barik borrokan aurrera darraigu eta gure arteko harremanak estutu eta errepresioaren aurkako fronte amankomun bat sortzea izango da estatuei aurre egiteko arma eraginkorrena. Bide horretan aurkituko gaituzue, errepresioaren aurka eta amnistia osoaren alde!
Gora munduko preso politikoak! Amnistia osoa!

