2024-12-10

OTSAILAK 13 TORTURAREN AURKAKO EGUNA

Euskaldunok badakigu zer den tortura, zapalduok, desjabetuok badakigu zer den tortura. Mendez mende egon diren dominazio sistema guztiek klase batek beste bat menperatzeko balio izan dute. Klase menperatzaileak menderatua bere oinpean hartzeko kontrol soziala eta alienazioa erabili ditu eta, edozer egiteko gai izan da disidentzia zapaltzeko. Bai, edozer. Erailketak, mehatxuak, txantaiak, jipoiak, jarraipenak… eta baita tortura ere. 

Aurretik aipatutako gauza guztiak egin dituzte espainiar eta frantziar estatuek euskal disidentzia politikoa zapaltzeko asmoz. Otsailaren 13a Torturaren aurkako eguna dugu Euskal Herrian. Izan ere 1981eko egun horretan Joxe Arregi ETAko militantea atxilotuta eta inkomunikatuta zegoela jasandako torturen ondorioz zendu zen. Joxeren kasua ez da bakarra, Espainiar estatuak sistematikoki erabili du tortura euskal militanteen aurka eta horretarako makinaria oso bat zuen: lehenik poliziak tortura horiek egikaritzen zituztenak. Ondoren torturei entzungor egiten zizkieten epaileak, fiskalak, epaitegietako auzi-medikuak eta polizien aurrean kokiltzen ziren ofiziozko abokatuak. Tortura politikari profesionalek agindutako metodo bat izan da, haiek eta enpresari handiek maneiatzen zituzten komunikabideek eta iritzi publikoak isilarazia. 

Ez da paradoxa Euskadi Ta Askatasunaren lehen biktima Meliton Manzanas torturatzailea izatea. Tortura gogorra da eta izan da, baina euskal erresistentziak ere gogor erantzun dio torturari eta torturatzaileei. Guztiok ezagutzen ditugu Andoni Arrizabalaga ondarrutar gazteari egindako torturak, Telesforo Monzonek Itziarren semea izeneko olerkia idatzi eta Pantxoa ta Peiok musikatu zutelako eta nola gazte hark ez zuen ezer ere “kantatu”. Oso ospetsuak dira Joxe Arregiren kasua edota Unai Romanoren aurpegi ubelduaren argazkia edo, Iratxe Sorzabalen bizkar kolpatuaren argazkiak. Hala ere, milaka euskal herritar izan dira torturatuak gure historia hurbilean, Euskal Memoriaren dokumentazioaren arabera ia 10000.

Torturak aurretik adierazi bezala inpunitate osoa izan du, alderdi eta komunikabide batzuentzat tabua izan da eta salatutako milaka tortura kasu ez dira epaitu ere egin, gehiago esateagatik salatu dituztenak beraiek izan dira epaituak. Torturapean sinatutako autoinkulpazioak, salaketak etab. Proba gisa erabiliak izan dira ehundaka euskal militante milaka urtetako gartzela zigorrekin epaituak eta errudun joak izateko. Torturatzaile ezagun eta profesionalak egon dira, eta tortura leku ezagunak dira guretzat Intxaurrondo edota La Salve. Euskal militanteei tortura metodorik latz eta gogorrenak egiten zizkieten psikopata horiek kondekoratuak izan dira, estatuek dominak eman dizkiete, bizi osorako soldatak… 

Giza eskubideen aldeko taldeak, tribunalak eta antzekoek entzungor egin izan dute askotan euskal militanteen tortura kasuen aurrean. Eta zilegitasun horrekin jokatu dute torturatzaileek. 

Esan beharra dago tortura mehatxu edo beldur ikaragarria izan dela militatu nahi duen ororentzat. Beldurra eta ikara sortzeko tresna edo mekanismo aparta. Eta, zoritxarrez, esan dezakegu askotan estatuek haien helburua (hein batean behintzat) lortu izan dutela: jendea beldurraren bidez geldirik mantentzea. 

Amaitzeko, torturaren ondorioez ere hitz egin beharra dago. Torturak hainbat ondorio fisiko eta psikologiko uzten ditu eta ondorio horiek bizi osorako izaten dira. Torturen ondorioz hildako hainbat militanteren kasuak daude, Joxe Arregirenaz gain Mikel Zabalza edota Esteban Muruetagoienaren kasuak datozkit gogora. Edota Xabier Kalparsoro “Anuk” zumaiarra nola zipaioek torturatu, drogatu eta haiek nahi zuten bezala erabili zuten informazioa lortzeko asmoz, eta nola azkenik maderoek erahil zuten Indautxuko kuartelean.