Presoen asimilazioan eta infantilizazioan oinarritutako Frantziako administrazioak erabiltzen duen sistema burokratikoak, finean, pertsonaren suntsipena eta, militante politikoen kasuan, hauen borondatea menderatzea besterik ez du bilatzen.
Yvan Colonna militante independentista korsikarraren heriotzaren aurrean, Tinkok doluminak helarazi nahi dizkie bere senide, hurko eta burkide guztiei. Yvanek 19 urte zeramatzan preso eta Frantziako Estatuak bizi osorako zigorra ezarria zion.
Honekin batera, eta preso politiko honen heriotzaren arduradunak markatze aldera, azken hiru asteetan Korsikako kaleetara borrokara atera diren pertsonei babesa adierazi nahi diegu, baita pairatu duten errepresioaren aurrean gure elkartasuna ere.
Estatu frantsesa, hitzetan beti goxo, ekintzetan beti biolentoa eta ankerra. Indarraren bidez azpiratu ditu hainbat eta hainbat herri mundu osoan zehar, Korsika eta Euskal Herria barne. Gerra inperialista guztietan hartu du parte azken hamarkadetan, herrialdeak bonbardatu ditu, armak saldu, arma nuklearrak frogatu eta, barne arazotzat hartu izan dituenean, tortura eta erailketa erabili du (Algeria), edota erraztu ditu beste batzuen arazotzat hartu dituenean (Espainiaren gerra zikina, edota Frantzian bizi diren kurduen erailketa azkenengo urteetan).
Kartzelen egoerari dagokienez, Frantziako Estatua Europako lehenengo postuetan agertzen da superpopulazioari dagokionez, eta lehenengo postuan suizidio tasan (12,6 suizidio 10.000 presoko). Honek argiki erakusten du presoen asimilazioan eta infantilizazioan oinarritutako Frantziako administrazioak erabiltzen duen sistema burokratikoak, finean, pertsonaren suntsipena eta, militante politikoen kasuan, hauen borondatea menderatzea besterik ez duela bilatzen. Hori bai, bere burua askatasunaren bermatzaile moduan agertuz.
Bukatzeko, Tinkok herri zapalduen autodeterminazio eskubidea aldarrikatu nahi du, baita herri hauetako langileen independentzia politikoaren beharrezkotasuna. Donbassetik Palestinaraino, Korsikatik Euskal Herriraino. Borrokaren bitartez baino ez ditugu gure eskubideak lortuko. Agur eta ohore, Yvan Colonna! Libertá per Corsica!