2024-04-20

Gudari Eguna 2022

Dagoeneko 47 urte igaro dira Francoren diktadurak ETA (pm)ko Anjel Otaegi eta Jon Paredes Manot eta FRAPeko Xose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz militante iraultzaileak hil zituenetik.

Erailketa horien lehen urteetan eta zehazki irailaren 27an, benetako greba orokor iraultzaileak izan ziren, non milaka euskal langile kalera atera ziren beren eskubide eta askatasunen alde borrokatzera, okupazio indarren eta patronalaren gehiegikeriei aurre eginez eta errepresaliatu politiko guztientzako amnistia osoa aldarrikatuz. Ondoren, egun hau gaur egun ezagutzen dugun Gudari Eguna bihurtu zen eta, zoritxarrez, urteak joan ahala, posizio erreformisten aurrerapenengatik, garai batean zuen indarra eta ospea galdu ditu.

Gudari Egunak, Euskal Herrian, eraildako 5 militante horietaz gain, Frantziako eta Espainiako estatuek inposatzen diguten zapalkuntza eta esplotazio genozida sistema honen aurka borrokatzeagatik espetxeetan bahituta dauden iraultzaile guztiak zein zapalkuntzen aurrean borrokan erori diren gudari iraultzaile guztiak omendu eta gogorarazten ditu. Iraultzaile ororen betebeharra da herri honen Gudariak gogoratzea eta erresistentziaren sugarra pizten jarraitzeko beharrezkoa den ekarpena egitea. Bidea luzea eta gogorra izango da, baina sistema zaharkitu eta usteldu honi aurre egiten dioten sektore zabalen arteko batasunaren alde lan egiten jarraitu behar dugu, horrela, Espainiako, Frantziako zein Euskal Herriko klase burgesak inposatzen jarraitzen diguten errepresio-lege ugariei modu eraginkorrean aurre egin ahal izateko.

Horregatik Tinkok berresten du bere konpromezua gudari guztiekin eta haien borrokarekin, egunero apaltasunez baina irmoki amnistia osoaren aldeko bidean aurrera egiteko.