Eraso hauek gure eskubide kolektibo oinarrizkoenen aurka jotzen dute zuzenean, hala nola antolatze, biltze, mobilizatze eta adierazpen askatasunerako eskubideen aurka.
Azken asteetan polizia talde ezberdinek ekintza errepresibo gogorrak burutu dituzte Euskal Herrian. Frantziako Poliziak Urruñan eta Espainiakoak Iruñean sarekadak egin dituzte, hamarnaka pertsona atxilotuz. Zipaioek Tolosan, Donostian, Gasteizen eta Bilbon oldarraldi biolentoak gauzatu dituzte hainbat zauritu larri eraginez eta poliziak mobilizazioetan infiltratuz.
Errepresioa iraganeko kontua zela uste bazuen inork, gertakari hauek agerian uzten dute oker zebilela. Kapitalismoaren baitan errepresioa ez baita inoiz desagertzen, baizik eta moldatu egiten dela egoeraren eta topatzen duen erresistentziaren arabera.
Aipatu ditugun erasoak larriak dira, baina ez soilik eragin dituzten kalte indibidualengatik. Eraso hauek gure eskubide kolektibo oinarrizkoenen aurka jotzen dute zuzenean, hala nola antolatze, biltze, mobilizatze eta adierazpen askatasunerako eskubideen aurka.
Polizia ez da bertaratzen manifestaziotara eskubide hau bermatzeko, zapuzteko eta erasotzeko eta beldurra zabaltzeko baizik. Bere funtzioa ez baita langileria defendatzea. Bere funtzioa ordena burgesa mantentzea da.
Era berean, militante politikoen jazarpena etengabea da eta Espainiako Audientzia Nazionalean Euskal Herriko antolakunde politiko ezberdinen aurkako dosierrak betetzen jarraitzen dute.
Tinkok elkartasuna adierazi nahi die azken asteetan errepresioa pairatu duten pertsona eta antolakundeei, eta batez ere berretsi nahi du bere sorkuntzatik defendatu duen ideia nagusia: errepresioaren aurrean minimo batzuen inguruan indarrak batzeko beharrezkotasuna. Antolatze, biltze, mobilizatze eta adierazpen askatasunerako eskubideak dira eskubide politikoak bermatzeko gutxieneko puntuak. Guk helburu horren alde lanean jarraituko dugu.
Militante politikoen defentsan, amnistia osoa!