2024-12-10

Preso eta bisitarien militantzia zigortzeko bisitak ukatzen dituzte EAEko kartzeletan

Hainbat preso politikoren senide eta lagunek egin zuten salaketa larunbatean egindako prentsaurrekoan

Gaur Euskal Herriko espetxeetan giltzapetuta dauden hainbat preso politikoren senide eta lagunak batu gara Gasteizen, hainbat preso jasaten ari diren oinarrizko eskubideen urraketak salatzeko. Izan ere, presoen eta haien gertukoen jardun politikoa zigortzeko eta antolakuntza politikoa saihesteko helburuz, salbuespenezko trataera bat aplikatzen ari zaie.

Aste honen hasieran hainbat preso politikok sinatutako gutun baten bitartez argitaratu da, EAEko kartzelen kudeaketarako eskumena Eusko Jaurlaritzak jaso zuenetik, zenbait presori bisitak jasotzeko eskubidea ukatzen ari zaiela. Hamarnaka bisita-eskaera bota dituzte atzera kartzeletako zuzendaritzek, EAEko kartzelen Analisi eta Inspekziorako Zerbitzuak eta Ertzaintzak jasotako informazioak eta aginduak oinarri hartuta. Bisitak eskatzailearen eta presoaren ideologiagatik edo militantzia politikoagatik ukatu dituzte, eta duela hilabete batzuk filtratu zen dokumentuan ageri denez, honela justifikatzen dute Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Nagusitik: “…aparece vinculado a grupos contrarios a la línea oficial y partidarios de estrategias de confrontación, perfil que comparte con el interno solicitante”.

Zenbait presok, egoera horri amaiera emateko asmoz, Ikuskaritza Penitentziarioko Epaitegiari salaketak eta kexak helarazi izan dizkiote, baina Auzitegi Nazionaleko epaileek kartzelako zuzendaritzaren eta Eusko Jaurlaritzaren neurri zigortzaileak babestu dituzte segurtasunaren eta kartzelaren ordenaren izenean. Esan bezala, Eusko Jaurlaritza bisitak debekatzeko ematen ari den arrazoia hauxe da: presoa zein eskatzailea Ezker Abertzalearen ildo ofizialarekiko kritikoak eta konfrontazio estrategien aldekoak izatea. Espainiako Auzitegi Nazionala ere neurri hau babesten ari da, esanez justifikatuta dagoela bisitak ukatzea damuketen aurkakoak eta borrokaren aldekoak diren postulatu ideologikoak babesten dituzten presoen eta bisitarien kasuan.

Bisitez gain, kartzelako kultur eta kirol ekitaldietan parte hartzeko mugak jartzen ari zaizkie hainbat presori, eta baztertuak izaten ari dira. Presoen posizionamendu ideologikoaren arabera, kartzela barruko ekimenetan parte hartzeko trataera desberdinak aplikatzen zaizkie, presoen arteko bereizketak bultzatzeko eta eskubide desberdintasunak sortzeko. Horrez gain, ekimen horiek aurrera eramateko asmoz kartzelara joatekoak ziren hainbat kulturgile edo kirolariri ere sarrera ukatu zaie arrazoi berberengatik.

Argi dugu Eusko Jaurlaritza aplikatzen ari den trataera baztertzaile honen helburua presoei borrokarako eta antolatzeko baldintzak ezabatzea dela. Batetik, haien izaera politikoa ukatuz, sumisioko bide bat jarraitu dezaten. Bestetik, kalean borrokarako hautua egiten dutenekin komunikazioak moztuz, egungo egoera politiko eta sozialaren berri zuzenik jaso ez dezaten.

Egoera honen aurrean, PNV-PSEren gobernuari aipatutako salbuespen eta bazterketa neurriak alde batera utzi ditzala exijitzen diogu, eta gainontzeko alderdi politikoei ere haien isiltasun konplizea apurtu eta tratu baztertzaile honen aurkako jarrera irmoa adierazteko eskatzen diegu.

Espainiar Estatuak ezartzen zuen dispertsio egoera amaitu bada ere, Euskal Herriko kartzeletan zapalkuntzak eta presoen aurkako xantaia politikoak indarrean jarraitzen dute. Guk argi dugu preso politikoen askatasuna ez dela etorriko haien izaera politikoa ukatzetik, antolakuntzaren eta borrokaren eskutik baizik.

Presoak borrokan, gu ere bai!
Presoak kalera, amnistia osoa!