2025-10-10

GUDARI EGUNA 2025

Beste urtebetez, heldu da irailaren 27a, Gudari Eguna. Aurten ordea, ez da nolanahikoa, 50 urte betetzen baitira Francok bere azken fusilamenduak agindu zituenetik. Ondo dakigun bezala, orduan Jon Paredes Manot “Txiki” eta Anjel Otaegi Etxeberria ETAko militanteak erail zituzten Euskal Herriarentzako independentzia eta sozialismoa erdiesteko borroka egiteagatik. Haiekin batera, Xosé Humberto Baena Alonso, José Luis Sanchez Bravo eta Ramón García Sanz FRAPeko militanteak ere fusilatu zituzten frankismoaren aurka eta komunismoaren alde borroka egiteagatik. Fusilamendu hauek gertatu eta bi urtera “Trantsizio” izenez ezagututako prozesua hasi zuen Espainiako estatuak. Iaz salatu genuen legez, itxuraz eta formetan dena aldatzen zenaren irudia eman nahi izan zuten, baina esentzian sistemaren zutabe guztiek bere horretan iraun dute gaur egunera arte: frankismo garaiko elite politiko, militar, polizial eta juridiko berberek jarraitu zuten eta jarraitzen dute boterea edukitzen. Horren ondorio dira ustezko demokrazian Espainiako estatuak eragindako erailketa politikoak, aplikatutako tortura sistematikoak, gobernu ezberdinek sortutako talde parapolizialak eta Euskal Herriko kaleak polizialki eta militarki okupatuta mantendu izana. Gehiegikeria guzti hauez gain, azken egun eta hilabeteetan Espainiako estatuak eta bere txakur zein txotxongilo diren politikari zipaioek haien benetako aurpegia erakutsi dute, 50. urteurrenaren harira agertutako Txiki eta Otaegiren aldeko pankarta, kartel eta ekimenak kenduz, ezabatuz, oztopatuz zein debekatuz. Hori gutxi ez eta izaera antidemokratiko zein neofrankista hori izaki, oraindik ere torturapean lortutako deklarazioetan oinarrituta, hainbat euskal preso politiko gelditzen zaizkigu espainiar eta frantziar kartzeletan gatibu. Kapitalismoaren krisi garaiotan miseria eta pobretze orokortua kontrol sozialari, autoritarismoaren gorakadari, Israel eta NATOren sarraskiei zein biolentzia polizial gupidagabeari lotuta datoz. Basakeria honen aurrean antolatzea eta borrokatzea, eta, gaurko egunari erreferentzia eginez, biharko Euskal Herri gorria eraikitzera bidean haien alea jarri eta dena emateagatik izarretan ditugun kide guzti horiek oroitzea eta haien borroka goraipatu eta bizirik mantentzea besterik ez zaigu geratzen. Oroimena giltzarria da, horregatik debeku eta inposizio bidez ezabatu eta debekatu nahi digute gudarien oroimena. Batzuek Gerra Zibilera arteko gudariak omentzen eta goraipatzen dituzte ondorengoak deitoratuz, beste batzuek frankismora artekoak, ordutik aurrerakoak deitoratu eta terrorista gisa jarriz. Ezker Abertzale Ofizialak hamarkada luzeetan gudari guztiak omendu izan ditu, baina orain, frankismoaren garaiko gudarietan zentratu da, edo zehatzago esanda, Txiki eta Otaegirengan, frankismo osteko gudariei buruz ezin daitekeelako askatasunez hitz egin eta gainera hein batean ez zaielako ur handitan sartzea komeni. Beraz, errelato borroka argia dago batzuen eta besteen artean. Estatu espainol neofrankistak gudarien aitortza, oroimena eta borroka goraipatzen dugunon kontra bere makineria guztia martxan jarri izan du eta beste behin ere martxan jartzeko prestutasuna erakutsi du. Etorkizun askeago eta parekideagoa amesten dugunontzat, berebiziko garrantzia dauka errelatoaren borrokak. Iraganeko beste borroka batzuk galdu baditugu ere, errelatoarena irabaztea ezinbestekoa zaigu etorkizun oparoago bat erdiestera bidean. Baina, oroimenarekin jarraituz, nola oroitu behar ditugu Eusko Gudariak? Iraganeko zerbait bezala? Inongo aldarri eta eduki politikorik gabe? Ezker Abertzale Ofizialak iaz “Gudari Eguna” izena ezabatu zuen haien hitz eta jardun politikotik, haien afixetan ez zen “Gudari Egunari” erreferentzia minimorik ere agertzen, “Txiki eta Otaegiren fusilamenduen” urteurrena baino. Aurten ere lehengo lepotik darabilte burua. Urte batzuk lehenagotik hona borroka iraultzailea albo batera uztea zein aldarrikapen eta eduki politikoa zeharo hustutzea nahikoa ez eta orain izena bera ere ezabatu egin diote Gudari Egunari. Amnesia kolektiboaren garaiotan, otzan nahi gaituzten garai ilunotan, ez gara asimilatuen jokoan eroriko. Gudari guztien oroimena, duintasuna eta borrokaren sugarra bizirik mantenduko ditugu. Nondik gatozen argi daukagulako, non gauden ere bai eta nora joan nahi dugun eta goazen. Horregatik, haien eginak, izenak eta izanak oroitu eta lau haizetara aldarrikatuko ditugu, gaurko eta biharko borroketan presente edukiko ditugu. Dena eman duenari dena zaiolako zor, askatasun haizea direnei: betiko argia. Gudariek utzitako lorratzetik, biolentziaren bitartez ukatzen dizkiguten eskubide oinarrizkoenen defentsan eta errepresioaren aurka antolatu beharra daukagu. Ildo horretatik, militante politiko guztien defentsa egiteko amnistia osoa defendatzen jarraituko du Tinko antolakundeak. Amnistia osoa ez dugulako estatuen errepresioa onartzen, Amnistia osoa gure eskubideen alde borroka egitea zilegi delako. Amnistia osoa ez dugulako zapalduta bizitzerik onartzen eta betiko zapalkuntza berdinek dirautelako. Gaurko egunean, askatasunaren alde bizitza eman zuten borrokalari guztiez gain, gaur egun kartzeletan tinko eta duintasunez mantentzen diren preso politikoak zein erbestean dauden iheslari eta errefuxiatu politikoak ditugu gogoan. Biharko Euskal Herri birbatu, aske, sozialista eta euskaldunaren bidean borrokan tinko darraigu.

Atzoko, gaurko eta biharko gudarien defentsan:

AMNISTIA OSOA!

BORROKA DA BIDE BAKARRA!