2024-11-22

Azken atxiloketen harira

Frantziako Poliziak lau pertsona atxilotu ditu Lapurdin. Atxilotuak Baionako polizia-etxean daude. Antza denez, atxiloketek lotura dute uztailaren 14an “Asimilaziotik erresistentziara!” lelopean egindako manifestazioarekin.  Manifestazioa amaitzean, Jean François Hirigoien alkatea, “Hau ez da Frantzia, ezta Espainia ere. Euskal Herria da.” zioen pankarta bat zeramaten manifestarien aurka oldartu zen. Agerian gelditu da zein den poliziaren eginkizun nagusia: elite politiko eta ekonomikoen blindatzea. Biolentzia erabili zuena alkatea izan baldin bazen ere, gazteak izan dira atxilotuak.

Beste behin ere, gure herriak pairatzen duen zapalkuntza nazional eta sozialaren lekuko gara. Kasu honetan, Frantziako indar errepresiboek ez dute etenik euskal langileriaren eta herri oso baten eskubideen aurka aritzeko. Gure herriari nortasuna eta autodeterminaziorako eskubide legitimoa ukatzen jarraitzen zaio. Gure aldarrikapena ere argia eta irmoa da, hau ez da Frantzia, ezta Espainia ere, hau Euskal Herria da.

Tinkotik berresten dugu elkartasun sareak ehuntzen jarraitu behar dugula, errepresaliatu guztien arteko elkartasuna sustatzeko eta, horrela, errepresioari modu bateratuan aurre egin ahal izateko.

Borroka da bide bakarra!
Errepresioaren aurrean Tinko!
Amnistia osoa!