2024-11-21

Mugimendu Sozialistako kide baten atxiloketa eta kartzelatzearen aurrean

Mugimendu Sozialistako kide baten atxiloketa eta iragarritako kartzelatzearen aurrean, Tinkok elkartasuna adierazi nahi dio militante honi baita bere senideei zein parte hartzen duen mugimendu politikoari ere.

Era berean, errepresioa sustatzen duten estamentu ezberdinak salatu nahi ditugu, izan ere biolentzia estrukturalak eragile instituzional ezberdinen parte hartzea ezinbestekoa du langileriak eraso hauek naturaltasunez ikus ditzan. Errepresioaren zilegiztatzeak askatasun itxura emango dien elementuen beharra dauka, alderdi politiko instituzionaletatik epaile eta poliziak arte, komunikabideetatik eta pentsaera zuzentzeko gainontzeko erremintetatik pasatuz.

Tinkok berriki abiatutako kanpainaren testuan adierazten genuen bezala, militantzia politikoa eta errepresioa txanponaren bi aldeak dira. Mugimendu iraultzaileek egoera errotik aldatzeko lanean diharduten bitartean, klase dominatzaileek biolentzia neurrigabea erabiltzen dute zapalkuntza eta esplotazio egoera bere horretan mantentzeko, une bakoitzean gehien komeni zaien bitartekoa erabiliz.

Aipatutako logikan kokatu behar dugu kasu hau ere. Ertz ezberdinak ditu errepresioak. Batetik, populazio osoari eragiten dizkioten neurriak daude, hau da, eguneroko kontrol soziala, masak identifikatzeko eta monitorizatzeko bitartekoak biltzen dituztenak. Bestetik eta aurreko puntuan aipatutako neurriekin lortutako datuei esker, militante politikoei zuzendutakoak, hala nola jarraipenak, mehatxuak, kolaborazio eskaintzak, jipoiak, legedi berezia, izen eta abizenak biltzen dituzten txosten polizial eta juridiko amigabeak  eta, kasu honetan bezala, kartzelan sartzea.

Militante politikoei zuzendutako errepresio honek ikusgarritasun ezberdina dauka gauden egoera pertsonalaren arabera. Sistemak herriaren gehiengoa errepresioarekiko ezjakin mantentzeko bereak eta bi egiten dituen bitartean, interes berezia dauka militante politikook errepresioaren indarraren jakitun izan gaitezen, horrela beldurraren bitartez gure militantzia baldintzatzeko.

Mugimendu politiko iraultzaileon bete beharra da zapaltzen gaituzten estatuen indarkeriaren aurrean gure burua antolatzea eta defentsa harresiak eraikitzea, baita errepresioa pairatzen dutenenekiko babes sareak eratzea ere.

Era berean amnistia osoaren defentsa egiten jarraituko dugu, deportatu, errefuxiatu eta klandestinitatean daudenen askatasuna baino askoz ere aldarrikapen integralagoa dela ulertuz. Amnistia osoa pertsona hauek borrokara bultzatu zituzten arrazoien gainditzea da. Hau lortu arte gure ekarpena egiten jarraituko dugu errepresioari aurre eginez.

Militante politikoen defentsan duintasuna, elkartasuna, borroka eta amnistia osoa!